Delituen kopurua %30 apaldu da gabonetan, Irungo Udaltzaingoa eta Ertzaintzaren elkarlanari esker

Koldo Nausia 2026ko urtarrilaren 13a

Irungo Udaltzaingoak eta Ertzaintzak elkarlanean martxan jarritako prebentzio eta segurtasun dispositiboak 150 lanordu gehigarri suposatu du, eta delituen beherakada ekarri duela azpimarratu du Andoni Urdangarinek, Irungo ertzainburuak. Iazko 440 delituen aldean, aurten 308 eman dira gabonetan. Horietatik, 69 ebasketak izan dira (iaz 86), eta indarkeriarekin emandako lapurretak 7tik 5era apaldu diren bitartean, Cyber-delituen kasuan, 85 salaketatik 35era pasa dira eskualde mailan.

Irungo Udaltzaingoa eta Ertzaintzaren arteko elkarlanak azken hilabeteetan hiriko segurtasuna hobetzeko baliagarria izan dela azpimarratu du Iñigo Berges Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Arloaren ordezkariak. Joan den maiatzean hasi ziren lankidetza indartzen gaueko aisialdian, eta San Pedro eta San Martzial Jaietarako dipositibo oso bat abian jarri ondoren, amaitu berri den gabonetako kanpainan %30 apaldu dira kaleko delituak joan den urtearekin alderatuta. Bergesek adierazi duenez, «kanpaina laburbildu beharko bagenu, intzidentzia larrien eza nabarmendu beharko genuke, eta delikuentziaren beherakada lankidetza horren ondorioz ere eman dela».

Bereziki komertzioetan ebasketak saihesteko helburuarekin eta delituen prebentzioan lan egin dute indar polizialek gabonetan. Alde horretatik, azaroaren bukaerako 'blackfriday' kanpainarekin hasi eta oraindik ere urtarrileko beherapenak urtarrilaren 17an amaitu bitartean luzatuko dituzte neurriak. Hala aditzera eman du Irungo udaletxean egindako agerraldian Andoni Urdangarinek, Irungo ertzainburuak. Argitu duenez, «Ertzaintzak 150 lanordu gehigarri bideratu ditu segurtasun plan honetan prebentzio lanak egiteko». Eta kale-patruila lanetan aritu diren ertzainen kopuruak errefortzu nabarmena suposatu duela azpimarratu du. Izan ere, goizetan 21 agente eta arratsaldetan 2 gehigarri aritu dira Irungo ardatz komertzial nagusietan delinkuentzia prebenitzeko lanetan.

Eta emaitzari kasu eginez gero, dispositiboa eraginkorra izan da. Irungo segurtasun faltaren diskurtso eta sentsazioen aurrean «el dato mata el relato» adierazi du Irungo ertzainburuak. Azpimarratu duenez, «ez dago gertakari larririk nabarmendu beharrik». Datu zehatzak eman ditu Urdangarinek, abenduaren 13tik urtarrilaren 12ra bitartean, gabonetako kanpaina bete-betean, 308 delitu besterik ez dira eman aurten Irunen 2024ko gabonetako 440ekin alderatuta.

Zehazki, Horietatik, 69 ebasketak izan dira (iaz 86), eta iaz indarkeriarekin emandako 7 lapurretak, 5era apaldu dira oraingoan. Hondarribiari dagokionez, indarkeriarekin lapurretik ez da eman, baina iazko ebasketa kopuru berbera izan da aurten, 3 guztira. 

Bestalde, gabonetako kanpaina Internet bidezko iruzurrentzako garai oparoa izan ohi da. Aurten, aldiz, ertzain-etxean formakuntza jaso dute, eta burutu duten informazio eta komunikazio kanpainari esker, cyber-delituak nabarmen apaltzea lortu dute aurten. Kontuan hartu behar baita, iaz Internet bidezko 72 iruzurren salaketak jaso zituela Ertzaintzak Irunen, eta beste 13 hondarribiarren eskutik. Eta aurten, 35 izan direla guztira, 29 Irunen eta 6 Hondarribian.

Gauzak horrela, azken hilabeteetan Irungo Udaltzaingoa eta Ertzaintzaren arteko lankidetzan sakontzen jarraitzeko beharra dagoela uste du Urdangarinek. Eta gogoratu du Ertzaintzak Irunen hiriaren segurtasuna bermatze aldera hainbat prebentzio eta ekintza plan martxan dituela modu iraunkorrean. Argitu duenez, Arma Zurien Prebentzio Plana, gaueko aisialdiarena, ebasketak saihestekoa, eta Renfe/Euskotren korridorean egiten duten zaintza eta prebentzio lana, besteak beste.