Irungo CBA Kultura eta Sorkuntza Zentroak 'Baginaren bakarrizketak' umorezko saioa jasoko du datorren ostiralean, urtarrilaren 16an, urtarrileko agenda kulturalaren parte gisa. Emanaldia Irun Zuzenean aretoan izango da 20:00etan, eta antzerkia, umorea eta kritika soziala egiten duen proposamen artistiko arrakastatsua da. Poesia, probokazioa eta barrea erabiltzen ditu gogoeta eta eztabaida eragiteko publikoarengan.
'Baginaren bakarrizketak' hainbat arrazatako, maila kulturaletako eta baldintza sozialetako 200 emakumeri egindako elkarrizketetatik abiatzen den komedia bat da. Eve Ensler idazleak 1996an estreinatu zuen antzezlana, eta hainbat hizkuntzatan eta hamaika bertsiotan taularatu den arrakasta handiko obra da.
Baginarekin zerikusia daukaten gaiak ukitzen dira obran zehar: harreman sexualak, masturbazioa, hilekoa, erditzea, bortxaketa... Protagonistek sexualitatearekin lotutako bizipenak eta sentimenduak partekatzen dituzte, inolako erreparorik gabe, erruaren eta lotsaren aurreiritziak gaindituz.
Euskarazko bertsio hau Txalo Produkzioak ekoizten du eta Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean Ainhoa Etxebarria, Itziar Urretabizkaia eta Intza Alkain ditu antzezle. Sarrerak www.irun.org webgunean daude eskuragarri 10,15€ko prezioan (bonifikatuta 7,20€).