Irungo 87 dendari 'Euskaraz Barra-Barra' egiteko prest

Antxeta Irratia 2026ko urtarrilaren 14a

Euskara ulertzen duen langile bat lanaldi osoan duten denda eta establezimenduei zuzendutako programa honen bitartez, bezeroekin eguneroko harremanetan euskararen erabilera merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuetan sustatzeko helburua du. Irungo Udalak 175 establezimendu aztertu ondoren, baldintzak betetzen zituzten 116etatik 87k adierazi dute euskararen erabilera bultzatzeko borondatea, eta beharra dagoela. 

Irungo Udalak 'Euskaraz barra-barra' proiektua abiarazi du hiriko denda, ostatu eta zerbitzuetan bezeroak euskarak artatuak izateko eskubidea bermatu nahian. Aukera hori eman dezaketen establezimenduak identifikatzeko azterketa egin du Euskara Zerbitzuak, eta azaroaren 12tik abenduaren 15era bitartean 175 establezimendutan langileen hizkuntza-gaitasunei buruzko datuak bildu dituzte. Ondoren, programan parte hartzeko baldintzak betetzen zituzten 117 establezimenduri eskaini diete bat egiteko aukera. Izan ere, berez, 142k badaukate euskaraz ulertzen duen langileren bat, baina 26k ez dute bermatzen irekita dauden ordu guztietan daudenik.

Hala ere, 175 denda, ostatu eta zerbitzu horietan lan egiten duten 664 langileen artean 355 (%53,5) euskaraz hitz egiteko gai da, 140 (%21) ez da gai euskaraz aritzeko, baina ulertzen du, eta 169 (% 25,5) euskara arrotza zaio. Hau kontuan hartuta, azkenik, 87 dendari izan dira bezeroekin eguneroko harremanetan euskararen erabilera bultzatzeko borondatea adierazi dutenak. Josu Iguiñizek, Euskara ordezkariak azaldu duenez, «ohartu gara Irunen bezero eta merkatari askok euskaraz egiteko beharra sentitzen dutela, eta eguneroko harreman horietan euskaldun askori zalantzak suertatzen zaizkie euskara erabiltzea erabakitzerakoan».

Hortaz, establezimendu zehatz horretan euskaraz artatua izateko aukera duela jakinarazi eta ikusaraziko duten 87 establezimenduk bat egin dute programarekin. Eta zinegotzi jeltzalearen ustez, «bertako merkatariekin hurbiltasunean, horrek dinamikak aldatzeko balio izango du».

Betebehar eta laguntzak

Programan parte hartuko duten establezimenduek zenbait baldintza bete behar dituzte hartutako konpromisoak betetze aldera. Batetik, gutxienez euskara ulertzen duen langile bat egon behar da une oro, denda irekita dagoen bitartean, bezeroek euskara erabiltzeko aukera eduki dezaten. Eta 'Euskaraz barra-barra' ikurra leku ikusgarri batean jarri behar dute, bezeroek erraz identifikatzeko moduan.

Irungo Udalak, bestalde, hainbat zerbitzu eta laguntza eskainiko dizkie parte-hartzaileei. Euskara Zerbitzutik argitu dutenez, errotulazioa euskaraz jartzeko, doako itzulpen-zerbitzua, bezeroentzako kartelak eta euskarriak gaztelaniatik euskarara itzultzeko, merkataritza eta ostalaritza arloetako hiztegi erabilgarriak, merkatarientzako euskarazko ikastaroak merkatari eta, oro har, aholkularitza linguistikoko zerbitzua. 

Irungo Udalak iragarri duenez, Euskara Zerbitzutik eta Ekonomia Sustapeneko arlotik, datozen hilabeteen zehar, proiektuan parte hartuko duten establezimenduei bisita eta jarraipena egingo zaie, aipatutako baldintzak betetzen jarraitzen dutela frogatzeko, eta proiektuaren lehenengo balorazioa elkarrekin egiteko.