Azken urteetan BorBor Hausnarketarako Kolektiboak hainbat hitzaldi ziklo eta formakuntza proposatu ditu mugimendu internazionalista eta herrien burujabetzaren borrokari buruz ez ezik, autoritarismoa, kolonialismoa eta eskuin muturraren gorakadari buruz jendartea informatu nahian. Oraingo honetan, Irun Palestinarekin Ekimenarekin batera Palestinako auzia ezagutzeko eta hausnartzeko gonbidapena luzatu dute.
Andoni Egiak, Bor-Bor kolektiboko kideak Palestinako genozidioak azken hilabeteetan bizi izan duen isilaldi mediatikoaren aurrean, Palestinari buruz ezin zaiola hitz egiteari utzi pentsatzen du. Hartara, dagoeneko 65.000 hildako eragin dituen genozidioa agenda politikotik urrundu duten honetan, «protesta zikloari jarraipena emateko eta sakontzeko helburuarekin» bi hitzaldi antolatu dituzte.
Egiak dioenez, «Palestinako auzia ez da 2023ko urriaren 7an hasten, 1948 urtean baizik, eta hor kokatzen dugu genozidioaren eta kolonialismoaren hasiera, nahiz eta lehenagotik ere horren zantzuak bazeuden». Era berean, Donald Trumpek sustatutako su-etenarekin ez dela deus amaitu gogoratzen du, izan ere, «su-etena sinatu zenetik 2.000 etxe baino gehiago suntsitu ditu armada sionistak Gazan, eta ikusi behar da ere Zisjordanian nolako sarraskia egiten duen egunero Israelgo estatuak».
Egoerak merezi duen sakontasunarekin ulertzeko, Summud ontzidiaren saiakerari buruz eta Palestinaren okupazioaren atzean dagoen inperialismoaz hitzaldi bana antolatu dute, internazionalismoaren beharra azpimarratuz. Aurreneko hitzaldia San Miguel Auzo Elkartean (Luis de Uranzu, 22) antolatu dute urtarrilaren 21n (18:00). “Sumud Flotilla. Una accion de solidaridad y desobediencia internacionalista" izenburupean, flotillako kidea "Jotas" gonbidatu dute xehetasunak emateko.
Bigarren hitzaldia, "Inperialismo gogorrari internazionalismo zorrotza", otsailaren 19an (18:30) proposatuko dute Landetxa Auzo Elkarteko liburutegian (Bizkaia Kalea, 15). Kasu honetan, euskaraz izango da, eta Askapena erakundeko kideak izango dira hizlariak.