Irungo EAJ alderdiak Espainiako eta Frantziako estatuek Euskal Y-aren konexioa bultzatzeko premia nabarmendu du, «Irunek industria, zerbitzu eta ekonomia gaietan aurrera egiten jarrai dezan». Aste honetatik Irunek geltoki modernoagoa badu ere, geltokiaren proiektu osoa bururaino eramateko urrats bat besterik ez dela, eta azpiegitura estrategiko berri honi esker trenbideari estuki lotua dagoen hiriaren historian kapitulu berri bat idatzi dela gogoratu du Gorka Alvarez, Irungo jeltzaleen bozeramaileak. Hala ere, bere ustez «Irun ezin da estetikarekin bakarrik geratu».
Alde horretatik, Irungo EAJk «Ardatz Atlantikoa indartuko duen Euskal Y-a Frantziako abiadura handiko sarearekin eta Europako gainerako lurraldeekin konekta dadin bultzatzea» eskatu dio Espainiako Estatuko Garraio Ministerioari. Oraindik erantzunik ez duten galderak asko daudela azpimarratu dute jeltzaleek, eta herritarrei zuzenean eragiten dieten gaiak direla. «Zer erabilera izango du estazio honek? Aldiriko zerbitzuak eta distantzia ertaineko ibilbideak bakarrik izango ditu ala Abiadura Handiko Trena Frantziarekin eta Europako gainerako herrialdeekin konektatuta iritsiko da?», galdetzen du Gorka Alvarezek. Bere ustez, hiriak ezin du Irunen bukatuko den Abiadura Handiko Trenaren konexio batekin, edo are okerrago, ibilbidea Donostian bukatzea. «Geltokia prest dago, herritarrek ez dute nahi Irun uharte bat izatea, eta pertsonen eta salgaien mugikortasunari dagokionez estrategikoak diren trenbide-loturak ez iristea», dio Irungo EAJko bozeramaileak.
Gorka Alvarezek azpimarratu du lan egin behar dela «hiriak tren-mugikortasunaren funtsezko puntu izaten jarrai dezan», eta Euskadiko eta Europako eraldaketa industrial eta ekonomikoaren parte aktiboa izateko aukera duela. Hartara, Imanol Pradales lehendakariak ere Euskal Y-aren eta Frantziaren arteko loturari buruzko eskaera bera egin duela oroitarazi du Alvarezek. Hain justu, Irungo jeltzaleen ordezkaria Lakuan izan da joan den astean, Irun hiriari dagozkion proiektu estrategikoak, eta Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak diren egitasmoak zertan diren aztertzeko bilera batean parte hartu du.