Urtarrilaren 22an, ostegunean, Erletxeak gizarte laguntzarako prestazio ekonomikoei buruzko hitzaldi informatiboa emango du Larreaundi-Olaberria Auzo Elkartean. Herritarrek oinarrizko beharrak asetzeko laguntza eskubideak eskura dauzkatela, baina sarritan ezjakintasunagatik eskubiderik gabe geratu ohi dira premian diren askok. Hartara, auzo elkarteak herritar orori deia luzatu die «informazio faltagatik beren eskubiderik gabe gera ez daitezen». Hitzaldia irekia izango da, 18:00etan, Irungo Iñigo de Loiola kaleko auzo elkartean.
Erletxeak hamarkada bat baino gehiago darama, astelehenero, 12:00etatik 13:00etara, Irungo Kale Nagusian gizarte-laguntza eta prestazioei buruzko informazio zerbitzua eskaintzen. Baina aurten hirugarren urtea dute, Larreaundiko auzo lokalean ere, permanentziak egiten hasi zirela. Eskubide Sozialen Bulegoa astelehenetan 12:00etan eskaintzen dute Larreaundiko Iñigo de Loiola kaleko auzo elkartearen egoitzan, eta aldez aurretik hitzordurik hartu gabe denez, lotsarik gabe hurbiltzeko gomendatzen dute.
Kolektiboa prestazio sozial eta ekonomikoei buruz dauden zalantza asko dagoela ohartu da, eta hauek argitzeko helburuarekin antolatu dute hitzaldia. Argitu dutenez, «enplegua izan behar den ala ez, horiek jasotzeko adin jakin bat dagoen, edo pentsioduna edo alarguna zaren ere prestazio horiek jasotzeko eskubidea duzun» argituko dute. Baita laguntza hauek zeintzuk diren eta eskatzeko bideak zeintzuk diren ere. Azaldu dutenez, ohikoak diren Larrialdirako Laguntzak (RGI) ez ezik, betaurrekoak eta audifonoen erosketa laguntzeko, dentista ordaintzeko, edota etxeko tresna elektriko eta altzariak eskuratzeko laguntzak ere badaude, eta gutxi batzuk besterik ez dakite existitzen direnik.