2018ko azaroko udal osoko bilkuran onartu zuten Irungo Osinbiribilgo biribilgunearen zabalgunea Ekainak 28 Harrotasunaren Eguna plaza izendatzea. Orduz geroztik, eremu hau LGTBIQ+ kolektiboari ikusgarritasuna emateko balio izan du hirian, eta kolektiboaren eskubideen aldarrikapenerako hainbat programa burutu izan dituzte bertan. Bereziki gunea atondu eta aniztasun-sexualaren askatasuna aldarrikatzeko esku-hartze artistikoak. Zehazki, 2019ko martxoan plazara heltzeko sarbide diren Osinbiribil, Palmera Montero eta Dunboa elkartzen dituzten hiru tuneletan ekintza artistiko komunitario bat egin zuten Martindozenea gaztelekuaren eskutik.
Gehitu elkartearen laguntzarekin, eta Garikoitz C. Murua artista eta tokiko talentua sustatzeko GazteARTEan Expo ekimenaren eramaileak zuzenduta, 12 eta 25 urte arteko gazteekin landu eta marraztutako diseinuekin apaindu zituzten tunelak. Marrazkiekin batera, Askatasuna, Maitasuna, Harrotasuna edota Berdintasuna bezalako hitzak ezarri zituzten tunel atarietan.
Urteotan horma-irudi hauek hainbat pintaketa eta eraso homofobo jasan izan ditu. 2021ean, 2023an eta azkena joan den udazkenean. Eta horren ondorioz, zuriz margotzea erabaki zuen udalak. Haatik, horma-irudi hauek berritzeko ekimen artistiko bat egingo dute orain, aurrenekoak egin eta 7 urte geroago. Irungo Udaleko Berdintasun eta Gazteria arloek aditzera eman dutenez, oraingoa ere GazteARTEan proiektuaren bitartez egingo dute. Aste honetan zehar, Garikoitz C. Murua artistak, Artiako eta Martindozeneako gaztelekuetako gazteekin batera, eraberritze-lanak eramango dituzte aurrera.
Sandra Caballero Gazteriako ordezkariak eta Maite Cortina Berdintasuna eta LGTBIQ+ Eskubideetako ordezkariak azaldu dutenez, gazteak ekimen hauetan inplikatzea funtsezkoa da gizarte-eraldaketarako, argi baitago zein den gorrotoari eta diskriminazioari aurka egiteko mezua: «Hezkuntza gehiago, elkarbizitza gehiago, inklusio gehiago eta askatasun gehiago».
