Zanpantzarrak Irunen izandako bilakaera ulertzeko erakusketa antolatu dute Amaia KZn

Antxeta Irratia 2026ko urtarrilaren 23a

1980ko hamarkadaren erdialdetik Irungo inauterietan irudi ikonikoa izan den Zanpantzarraren bilakaera azaltzen duen 'Zanpantzarraren figura denboran zehar' erakusketa antolatu du Irungo Udalak. Urtarrilaren 29an estreinatuko dute Amaia Kultur Zentroan, eta hilaren 31tik otsailaren 8ra bisita gidatuak eta tailerrak proposatuko dituzte bertan.

Aurtengo inauterietako Zanpantzar irudiaren aurkezpena hilaren 29an (19:00etan) egingo dute Amaia Kultur Zentroan. Xabier Garate eta Ruben Platero artisauek diseinatu eta egin dute aurtengoa, eta Irungo inauterietan irudi honek duen garrantzia eta izan duen bilakaera ezagutzara emateko, Zanpantzarraren figura denboran zehar' erakusketa antolatu dute bertan. Zanpantzarren aurkezpenarekin batera estreinatuko dute, baina datozen egunetan bisita gidatuak () antolatzeaz gain, haurrentzako Galtzagorrien dantza tailerrak eta erraldoien irudiak marraztekoak antolatuko dituzte bertan. 

Irungo Udaleko Kultura arloko ordezkari Nuria Alzagak eta Bidasoako Erraldoiak konpartsako presidente Jose Irigoienek aurkeztu dute erakusketa. Eta 2026ko inauteriei hasiera emango diela kontuan hartuta, «ospatzear dagoen guztiaren abiapuntu» gisa markatu du Alzagak. Kultura zinegotziaren arabera, «Zanpantzar hiriaren memoria kolektiboaren parte da, eta erakusketari esker, herriaren espresio bat hazi eta nola eraldatu den ulertu dezakegu». Era berean, erakusketa honekin hamarkadetan ekimen honi eutsi dioten guztiak omendu nahi izan dituztela nabarmendu dute: elkarteak, artisauak, familiak eta boluntarioak.

Erakusketan buruek, kartelek, miniaturako erreplikak eta Zanpantzarren historia eta bilakaera sakon ezagutzeko beste material eta elementu batzuk topa daitezke, baita azken hamar urteetan Bidasoako Erraldoiak konpartsa antolatzaileak bildutako materialak eta urteotako bideo bat ere.

Jarduera osagarriak

Esan bezala, erakusketarekin batera, bisita gidatuak eta haurrentzako jarduerak izango dira. Eta dohainik badira ere, aldez aurretik izena emateko, irunkultura@irun.org helbide elektronikora idatzi behar da, eta parte hartzaileen izen-abizenak eta telefono bat eman.

Hona hemen programazioa: 

  • Urtarrilak 31, larunbata

10:00-11:30: Galtzagorrien dantza tailerra, 6-9 urteko haurrentzat –hamasei parte hartzaile onartuko dira gehienez–

19:00-20:30: Gaztelaniazko bisita gidatua, hogei parte hartzaile onartuko dira gehienez. 

  • Otsailak 1, igandea

11:30-12:30: Galtzagorrien dantza tailerra, 6-9 urteko haurrentzat –hamasei parte hartzaile onartuko dira gehienez–

12:45 – 13:30: Erraldoien irudiak pintatzeko tailerra, 4-8 urteko haurrentzat –hamasei parte hartzaile onartuko dira gehienez.

  • Otsailak 6, ostirala

18:00-19:00: Galtzagorrien dantza tailerra, 6-9 urteko haurrentzat –hamasei parte hartzaile onartuko dira gehienez–

19:15-20:45: Euskarazko bisita gidatua –hogei parte hartzaile onartuko dira gehienez. 

  • Otsailak 7, larunbata

10:00-12:00: Aurpegiak margotzeko tailerra, 3-9 urteko haurrentzat –hamasei parte hartzaile onartuko dira gehienez.

  • Otsailak 8, igandea

11:30-12:30: Erraldoien irudiak pintatzeko tailerra, 4-8 urteko haurrentzat –hamasei parte hartzaile onartuko dira gehienez–

12:45-13:15: "Fabrikatu zure Zanpantzar etxean" lehiaketako aurkezpena eta sari banaketa –25 parte hartzaile onartuko dira gehienez–. Adingabeek jarduera bakarrean eman ahalko dute izena, nahi duten guztiek izateko parte hartzeko aukera.