Datozen asteetan Irungo Udaleko Euskara arloak aurkeztuko dituen nobedadeetako baten berri eman du Josu Iguiñiz zinegotziak Antxeta Irratian. Euskararen erabilera suspertzea ez ezik, «kultura euskaraz kontsumitzeko ohiturak bultzatu» nahi dituzte. Eta 2022an udal aurrekontuen negoziazioan EAJk proposatutako zuzenketa bati esker martxan jarritako Zinema euskaraz egitasmoak urtez-urte harrera beroa duela ikusita, mantendu ez ezik, indartu nahi du. Orain Udal Gobernuan dagoela, Euskara arloko ordezkari jeltzaleak iragarri du Zinema Euskaraz gehiago izango dutela irundarrek.
OCine Mendibilgo areto handiago batean egingo dute gainera. «Proiekzioak bikoiztuko ditugu, 20 guztira eta udan izan ezik, urte osoan zehar sakabanatuko ditugu areto handiago batean», argitu du. Izan ere, joan den udazkenean 160 eserlekuko areto batean antolatu dituzte 10 proiekzio urriaren 18tik azaroaren 23ra. Eta aurtengo programazioa 240 leku dituen areto batean egingo dute.

Izan ere, iaz 1.294 ikusle bildu zituen programa honek antolatutako 10 proiekzioetan, eta udazkenean antolatutakoetan ere, astebururo gonbidapen guztiak agortu egin dira. Tamalez, aretoa betetzen ez bada, gonbidapena eskuratu eta gero zinemara ez joatea erabakitzen duten herritarrengatik izan ohi da. Zentzu horretan, arduraz jokatzeko eskatu du Euskara Zerbitzuak behin baino gehiagotan, «sarrera horiek beste norbaitek erabil ditzakeelako».
Hala ere, zinegotzi jeltzaleak azaldu duenez, programa honek berritasun gehiago dakar aurten. «Berri nagusia ez da haurrentzako eskaintza bikoiztuko dugula, aurreneko aldiz helduentzako filmak ere dohainik eskainiko ditugu aurten, 5 guztira eta Ocines aretoetan ere, irundarrok zinema euskaraz normaltasun osoz ikusi nahi dugula erakusteko». Azken aldian Amaia Kultur Zentroan antolatu izan dituzte helduentzako euskarazko zenbait proiekzioa, abenduaren 14an 'Karmele', adibidez. Orain, aldiz, hiriko zinema areto komertziala hautatu dute, haurrekin egiten den formatu bertsuan. Filmak euskaraz ikusteko eskaera dagoela pentsatzen du Iguiñizek.