Bizirun: «Etxebizitza arazo larria bilakatu da Irunen, errolda ezinbestekoa da eta administrazioaren gurpil zoroak irregulartasunera behartzen ditu pertsona asko»

Aitor Errazkin 2026ko urtarrilaren 26a

Irunen bazterketa-arriskuan dauden pertsonak laguntzeko aholkularitza ematen dute Bizirun elkarteko sei boluntariok. 2025ean 420 familia berri artatu dituzte eta 1.500 hitzordu presentzial egin dituzte laguntza eta prestazio sozialei buruzko zalantzak argitzeko, eta bereziki, egoitza-baimenak eta nazionalitate-eskaerak bideratzeko. Irunen «familia askok ez dute beren eskubideei buruzko informaziorik, eta administrazioek ez dituzte gauzak errazten», dio Fontso Gebarak. Horrenbestez, «pobrezia eta bazterketa sozial egoerak luzatzen dira».

2020tik Bidasoa eskualdean bazterketa-arriskuan dauden pertsona eta familiei eskubide sozialak eskuratzen laguntzen dien irabazi-asmorik gabeko elkartea da Bizirun. Azken urteetan, Irunen egoera lazgarrian aurkitzen diren herritarren kopuruak gora egin duela diote. Eta elkarteko boluntarioek DSBE (diru-sarrerak bermatzeko errenta), EBIa  (bizitzeko gutxieneko diru-sarrera), etxebizitzarako laguntzak, seme-alabengatiko laguntzak, kotizazio gabeko pentsioak, gizarte-zerbitzuen laguntzetarako dokumentazioa prestatzeko edota atzerritartasunarekin lotutako izapideetan informazioa, aholkularitza eta laguntza praktikoa eskaintzen dutenez, ongi ezagutzen dute Irungo errealitate soziala zein den.

Beharretan den gero eta jende gehiago

Fontso Gebara, Biziruneko kidea da, eta azaldu digunez, duela bost urte Elitxuko Pio XII. plazaren aldamenean, Serapio Mujika, 20. zenbakian, dagoen lokalean bi boluntario hasi ziren zerbitzu hau eskaintzen, baina «beharrak bultzatuta» gaur egun sei lagun ari dira egunero. «Oso urte bizia eta garrantzitsua izan da», kontatu digu «elkartea sendotu egin da, familia berri asko iritsi dira, eta gero eta pertsona gehiago etortzen da guregana laguntza bila».

2025ean 420 familia berri artatu dituzte, 1.500 hitzordu presentzial baino gehiago egin dituzte, eta 7.500 WhatsApp mezu baino gehiagori erantzun diete zalantzak argitu edo laguntza eskaerei erantzuten. Gebarak dioenez, «lege aldaketek eta etxebizitzaren krisiak pobrezia eta irregulartasun egoerak larriagotu dituzte», eta horrek lan-karga ia bikoiztea ekarri du.

Hala ere, 2026 honetan Bizirunek familia gehiagorengana iristeko helburu du, eta horretarako, boluntarioen prestakuntza indartzea eta eragin politikoa handitu nahi dute. Jakin baitakite, prestazio sozialak eskuratzeko baldintzak gogortuko dituztela. Eta horrek «kezka handia» sorrarazten die. Jasotzen duten laguntza eskaera gehien, aldiz, atzerritartasunarekin lotutako gaiak izan ohi dira. «Batez ere, egoitza-baimenak eta nazionalitate-eskaerak», dio Fontso Gebarak. Hori ezinbesteko baldintza baita edozein eskubide galdegiterako garaian atzerriko jatorria duten herritarrentzat.

Administrazioaren gurpil zoroa

Alde horretatik, ustezko ongizatearen gizartean bizi garen arren, Bizirun elkartearen arabera, administrazioek ez dute herritarrek dituzten eskubide eta prestazioei buruzko behar adina informazio ematen. Izan ere, laguntza sozial eta dispositibo ezberdinak existitzen dira, baina «familia askok ez dute beren eskubideak eskuratzeko behar duten informaziorik edo baliabiderik, eta administrazioek ez dute eskubide horiek gauzatzeko gauzak errazten», dio  Gebarak, eta horrenbestez, «pobrezia, bazterketa eta segurtasun-gabezia egoerak luzatu egiten dira».

Gizarte Zerbitzuetan hitzorduak lortzen zaila dela dio administrazio gehienetan, baita aurrez aurreko arreta jasotzea ere. Bestalde, arrakala digitala handicap garrantzitsua da pertsonen eskubideak eskuratzeko orduan. Eta egoera zaurgarrian aurkitzen diren pertsona askok ez dute Internet bidez izapideak egiteko aukerarik edo gaitasunik. Ondorioz, askorentzat bazterketa arriskuaren gurpiletik ateratzea labirinto administratiboa bilakatzen da, bukatzen ez den soka.

Era berean, lege aldaketek gizarte zerbitzuetara sarbidea zorrozten ari dela salatzen du Bizirunek. Baina eskubideak bermatzen dituzten heinean, Bizirun elkartearen lan-karga bikoiztea ekarri die 2025ean. Azken urtean bi mugarri garrantzitsu izan dira zentzu horretan. Joan den maiatzaren 20an atzerritarrei buruzko araudi berria sartu baitzen indarrean. «Migratzaileen egoera erregularizatzeko behar den denbora 3 urtetik 2 urtera murriztu da, eta azterketa eta gizarte eta prestakuntza-arloko errotzeak uztartzeko aukera eman du», azaltzen du Gebarak lege berriak alde baikorrak dituenik ukatu gabe. Baina «lege berri hori oso gogorra izan da asilo-eskatzaileekin, ez baitie Espainiako Estatuan egoteko denbora zenbatzen asiloa ukatzen badiete», salatzen du. 

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epai batek argitu du Lanbidek ezin diela DSBE ukatu etxebizitzaren edo logelaren alokairu-kontratua aurkezten ez zuten eskatzaileei. Fontso Gebarak argi du etxebizitzaren arazoa oso larria bihurtu dela, «alokairuen prezioak izugarri garestitu direlako, eta gero eta zailagoa da kontratua eta errolda duen gela batera sartzea». Zailtasun hauen aurrean, Irunen pertsona batzuek logela baten truke ordaintzen dutela dio, baina ez dietela kontraturik egiten, ezta bertan erroldatzen utzi ere. Beraz, ezin dute inolako eskubiderik eskuratu.

Erroldarik gabe eskubiderik ez

Egoera horrek Irunen orain artean oharkabean pasa den fenomeno bat ekarri duela segurtatzen du Bizirun elkarteak. «Errolda ezinbestekoa denez, Irunen administrazioak egoera irregularrean egotera behartzen dituen pertsona batzuk errolda baten truke ordaintzen diete etxebizitzen jabeei, bertan bizi gabe bada ere», dio Gebarak. Modu berean, errolda eskubiderik eskaintzen ez duten lokaletan bizi diren pertsonak, edota etxebizitza berean hainbat familia elkarbizitzen ikustea ohikoa bilakatu da.

Administrazioak jartzen dituen oztopo eta legeen baldintzak direla eta, egoera zurrunagoan aurkitzen dira nazioarteko babesaren beharretan asilo-eskatzaileen kasuan. Honakoa behin betiko ukatzen zaienean, irregulartasunera igaro behar baitute 2 urtez. «Lanean eta gizarte-segurantzan kotizatzen ari diren pertsonak dira, baina irregulartasunera bideratzen dituzte, eta beren lanak galtzen dituzte», argitzen du Bizirun elkarteko kideak.

Zentzu horretan, «egoera injustu» hauei erantzuteko Espainiako Parlamentuan abian jarritako "Erregularizazioa orain" herri-ekimen legegilea «gelditu eta ahaztu» egin dela salatzen du. Hartara, Bizirun elkarteak egunerokoan bazterketa arriskuan aurkitzen diren herritarrak laguntzeaz gain, erakunde publikoetan esku-hartzen saiatzen ari da. Gebarak dioenez, Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Irungo Udalean ere agerraldia egin dute Atzerritartasun Erregelamendu berriak nazioarteko babesa eskatzen dutenentzat izango dituen ondorio negatiboak azaltzeko. Eta 2026an haien eragin politikoa azkartu nahi dute. «Beste elkarte batzuekin ekintzak egiten hasi nahi genuke, batez ere familia zaurgarrienek eskubide sozialak eta oinarrizko prestazioak eskuratzea eragozten edo zailtzen dituzten arauak aldatzeko», azpimarratzen du.

Hain justu, oinarrizkoa den etxebizitza eskubidea bermatze aldera, Eusko Jaurlaritzak abenduaren 25ean Etxebizitzaren Legean artikulu berri bat onartu duela ohartarazi du elkarteak: «Artikulu horren arabera, alokairu-kontratua aurkeztea DSBEa eskatzeko beharrezkoa da, beraz, gehien behar duten pertsona eta familiei atea ixten ari zaie».