Mendibilgo Udal Azoka birmoldatu eta kudeatzeko bideragarritasun azterketa tekniko eta ekonomikoa egin du Irungo Udalak. Azoka eraldatuko duen eredu berri bat bultzatu nahi dutela aditzera eman du Nuria Alzaga Sustapen Ekonomikoko zinegotziak. Argitu duenez, interesa duen enpresa inbertsore bat beharrezkoa izango da, baina «udalak argi dauka bere aldetik dagoen guztia egingo duela, eta erabaki duela azoka eraldatzeko prozesuarekin aurrera egin behar dela».
Hiriaren beharretara egokitutako proiektu bat aurkeztu dute horretarako. «Azoka ez da bakarrik erosketak egitera etortzeko izan behar, gastronomiari lotuta produktuak dastatzera edo sukaldaritza tailerrak egiteko eskaintza ere jaso dezake, kultur eskaintza eta aisialdikoa uztartu dezake, topagune bat bilakatu nahi dugu», azaldu du Nuria Alzagak, azken urteetan gainbeheran joan den azoka gunea biziberritzeko «trantsizio garai» bat beharko duela iragarriz. Egun 13 postu baizik ez dira zabalik mantentzen bertan, eta salmentan jarraitu nahi dutenek horretarako aukera izango dutela azpimarratu du zinegotziak, baina irundarrak ez ezik, eskualdeko eta inguruko bezeroak erakartzeko eskaintza anitzagoa izan dadin bilatuko du azokak negozio eredu berri bat sustatuz.
Eraldaketa sakona aurreikusten dute, «espazio fisikoa, eskaintza eta kostuen zein diru-sarreren egitura sakon eraldatzen ez badira, ez da bideragarria izango», ohartarazi du Alzagak. Alde horretatik, Bideragarritasun Planak azoka berri bat proposatzen du: azalera txikiagoa, erabilera berriak eta zerbitzu osagarriak emateko guneak, hala nola
sukaldaritza gela, janari arina, dastaketa, produktu gastronomikoen denda, eramateko janaria eta gastronomiaren inguruko aisialdiko eta kultur arloko jarduerak bilduko dituena.
Inbertsioa eta kudeaketa berria
Udalak aurkeztu berri duen azterketa eta bideragarritasun proiektuak, aldiz, gehienez 2,5 milioi euroko inbertsioa estimatzen du, eta %60 Irungo Udala jartzeko prest dagoen bitartean, beste %40a enpresa esleipendunak diruztatu beharko luke. «Azoka eremua hirigintza aldetik eraldatu beharko da ere, eta dirua mugatua da», argitu du Alzagak, «azterketaren arabera planteamendua bideragarria izango bada, kudeaketak zeharkakoa izan behar du, eta, horretarako, enpresa batek inbertsioa egiteko interesa izan behar du», adierazi du.
Gogoan hartu behar da, orain artean Udal Azoka kudeatu duen MERCAIRUN S.L. enpresarekin sinatutako kontratua bertan behera uztea adostu zuela Irungo Udalak, eta 2024ko otsaileko udalbatzak onartu zuen. Horri esker, Irungo Udalak azokaren titulartasunaren %50 baino gehiago berreskuratu zuen, eta hura birdimentsionatu eta modernizatzeari ekin ahal izan zion. Azokaren jarduera krisi sakon batean murgilduta zegoen orduan, eta Alzagak oroitarazi duenez, Irungo Udalak 21 postu huts berreskuratu eta martxan zeuden 13 horiek behin-behinean martxan jarraitzea ahalbidetu du orain arte.
Ordutik, azoka suspertzeko hainbat neurri hartu dituzte, hala nola, postu batzuk aldi baterako
erabiltzeko egokitu, informazio eta irakurketa puntu bat sortu dute... baina azokari beste norabide bat emateko negozio kontzeptua birposizionatu beharra dagoela argi utzi du egindako azterketa teknikoak eta Bideragarritasun Planak.