Irungo Udalak Josu Langilea kaleko futbol zelaiko belar artifiziala osorik berritzeko proiektu teknikoa eta obra gauzatzeko kontratazio prozedura onartu ditu. Instalazioak hamabost urte baino gehiago ditu, eta narriadura zantzuak nabarmenak dauzka. Bertan San Martzial eta Dunboa-Eguzki futbol elkarteetako kategoria guztietako partidak jokatzen dira, eta entrenamenduekin erabilera intentsiboa badu ere, hiriko belar artifizialeko zelairik zaharrena da. Izan ere, Stadium Galeko anexoaz gain (2019an berritua), Irungo Udalak azken urteetan Landetxa-Katea auzoko Ugaldetxokoa (2020), eta 2023 urtean Artiakoa berritu ditu. Azken honek 25 urte iraun zuen, baina oro har belar artifizialeko zelai hauek 12-15 urte arteko iraupena dute tekniko adituen arabera. Larreaundikoarekin, beraz, futbol instalazioen berritze lanak amaitutzat eman ditzake udalak zenbait urteetarako.
Cristina Laborda alkateak aditzera eman duenez, Tokiko Gobernu Batzarrak 439.000 euroko aurrekontua onartu du Larreaundi auzoko futbol zelaiaren eraberritze integrala egiteko. Eta lanak uda honetan, klub erabiltzaileen kirol denboraldia behin amaitutakoan hasiko dituzte.
Egungo zelaiaren kautxua oso higatuta dago, eta kirol ekipamendua (ateak, aulkiak eta alboetako sareak) eta beste hiri elementu batzuk ere (kanalenetako saretak, zakarrontziak, etab.) nabarmen hondatuta daude. Horregatik, denak ordezkatzea beharrezkoa da.
Udalak argitu duenez, proiektuak egungo belarra osorik kentzea aurreikusten du, eta egungo materialekin egindako sistema berri bat instalatzea: oinarri elastikoa eta 40 milimetroko belar artifizialekoa.
Era berean, arauzko futbol zelaiaz gain, beste kolore bateko marrekin futbol zazpiko bi egokitu dituzte eremu berean. Bestalde, silize harea eta kautxu pikorkatua zabalduko dute, gainazala seguru eta uniformeagoa izan dadin.
Obren prozedurari dagokionez, planimetria egiaztatuko dute. Hau da, zelaiaren zoruaren eremuren bat hondoratua ote dagoen aztertuko dute, belar artifizial berria instalatu aurretik betelanak egin eta konpontzeko.