Irungo Udalak aditzera eman duenez, udaltzainek eraso «onartezina» jasan zuten larunbatean goizaldeko 5:30ak aldera. Gizon batek harrikada (gutxienez sei harri koxkor) jaurti zituen komisaldegiaren aurka, eta polizia etxearen hainbat leiho apurtu zituen. Udalak erabat arbuiatu du erasoa, eta «horrelako indarkeria ekintzek egungo gizartean ez dutela lekurik, bizikidetza eragozten dutelako» nabarmendu du.
ERNE sindikatuak gogor salatu du gertatutakoa, eta Cristina Laborda alkateak ere Udaltzaingoari bere babes osoa adierazi dio. EAJ udal taldeko Gorka Alvarezek bere partetik, erasoa gaitzesteaz gain, argi utzi du ekintza hau ezin dela zigorrik gabe geratu. «Eraso honen erantzule den pertsona edo pertsonen aurka legearen indar osoa aplikatzea» eskatu du.
Herritarren Segurtasuna eta Bizikidetza Sailak jakinarazi duenez, erasoa baino ordu batzuk lehenago Udaltzaingoak esku-hartze bat izan zuen harrikadak jaurti dituen pertsonarekin, eta bera izan zela argitutakoan, igande goizeko lehen orduan pertsona hau aurkitu eta agintaritzaren aurkako atentatu eta kalte delituengatik prozedura ireki zaio. Alde horretatik, Irungo Udalak agintaritzarekiko errespetua eskatu du, eta hiri osoan bizikidetza eta jarrera zibikoa sustatzeko deia egiten du.