Irungo Udalak, Mugikortasun Jasangarriko Arloaren bidez, 'Guztion bidaia', sentsibilizazio kanpaina aurkeztu berri du, hiri barruko garraio publikoan oro har gizalegez jokatzeko beharra oroitarazteko. Eta espresuki, adinekoekin errespetuz jokatzeko eskatuz. Irungo alkate Cristina Labordak eta Mugikortasun Jasangarriko ordezkari Sergio Javierrek aurkeztu dute ekimena kanpaina prestatzen parte hartu duten adineko batzuekin batera.
Kanpaina datozen asteetan egingo dute, eta autobus geltokietan jarriko dituzten euskarri grafikoak eta kaleko ekintzak baliatuko dituzte, baita protagonistatzat Pauso-K Dance Studio dantza taldeak eginiko bideoklip bat ere. Izan ere, ekimenaren mezu nagusia azpimarratzen duen abesti bat sortu dute, "garraio publikoa guztiona dela eta erabiltzaile guztien arteko bizikidetza lortzeko arduraz jokatu beharra dagoela" adieraziz.
'Guztion bidaia' kanpainak adinekoekin enpatiaz eta errespetuz jokatzera deitzen du, seguru eta lasai bidaiatzeko eskubidea baitute. Javierrek azaldu duenez, adinekoen elkarteekin udalak egiten duen entzuketa aktibotik eratorritako kanpaina da. "Adinekoak garraio publikoan mugitzen direnean jokabide okerrak gerta ohi dira, eserlekua ez uztea eta geralekuetan igotzeko eta jaisteko tokia ez egitea, eta kanpaina honekin horrelako egoerak ikusarazi nahi ditugu", esan du zinegotziak. Argitu du, hala ere, kontua ez dela inor seinalatzea, heziketa lana egitea baizik.