Joan den asteburuan Kaos Etiliko eta Deklibe taldeen kontzertua jaso eta gero, CBAko Irun Zuzenean aretoak giroa aldatuko du larunbata honetan. Verde Prato artistaren kontzertua hartuko du otsailaren 7an, 21:00etatik aurrera. “Bizitza eztia” izenburupean, feminismoa, askatasuna, bakardadea eta natura gisako gaiak uztartzen dituen disko berria aurkeztuko du bertan, bakardadean plazaratzen duen hirugarrena.
Verde Prato izenez ezaguna den artistak, Ana Arsuaga tolosarrak doinu ezberdinak nahasten ditu bere kantuetan, tradizioa eta modernitatea uztartuz baina bereziki ahotsari, kantuari garrantzia emanez. Serpientes taldea utzi eta gero, 2021ean argitaratu zuen “Kondaira eder hura” lana, eta bi urte beranduago “Adoretua” izenekoa. Tartean hiru kantuz osatutako EPa plazaratu zuen Bronquio artista andaluziarrarekin batera, "Erromantizismoa" izenekoa.
Hala ere, euskaraz abesten du gehienbat, eta 2024ko udan Urruñako Itsas Mendin, eta 2025eko udan Hondarribia Kultura jaialdian izan genuen gure eskualdean. Azaldu digunez, teknologia berriak erabiltzen ditu elektronika landuz, baina teklatu bat, sampler bat eta mikrofono bat aski ditu. Izan ere, kanta gehienetan a capella zatiren bat ere egiten baitu. Bere ahotsaren presentzia nabaria da bere kantuetan. Arsuagaren hitzetan, ahotsa du berak talenturik handiena, «kalitate handieneko tresna», eta horrek eraman du kantuan gailentzera.
Larunbatean, Irungo CBAn izango da 21:00etan. Sarrera orokorra 10,25 eurotan da, eta 7,2 eurotan hobaridunentzat, udalaren webgunean eskura daitezke Interneten, eta Luis Marianoren lorategietan dagoen Turismo Bulegoan eskura.
Amaia KZn, "Musika, Maestras"
Kontzertu honen aurretik, 19:00etan Ahaire ~ Eho xirula-laukotearen emanaldia programatu dute Amaia Kultur Zentroan. Nerea Goñik, Nagore Larrionek, Natalia Sanchezek eta Irene Ruizek xirula laukotea osatu zutenetik, beste emakume batzuen obretako errepertorioa landu izan dute. "Musika, Maestras" egitasmoa dute horren irudiko, eta Irunen emango duten errezitaldian, azken ehun urtetako hamaika maistraren musika eta literatur sorkuntzak uztartuko dituzte, errezitatu eta zuzeneko musikaren bidez.
Sarrerak aldez aurretik eskura daitezke hemen, 5,65 eurotan.