Eguraldiaren iragarpenari etengabe begira, urduri, eta Kolonbiatik iritsi berri zaizkien kapelak eskatutako kopuruetan heldu ote zaizkien argitzen topatu ditugu Ainhoa Pardo eta Marta Sagues, haur talde baten entseguaren eta hurrengoaren arteko atsedenaldian. Naiara Oyonekin batera, Ainhoa dantza akademiako irakasleak dira, eta otsailaren 14an eta 15ean hainbat hilabeteko lana plazaratuko dute Irungo kaleetan. Azken xehetasuna kontrolatu nahi dute dena ondo atera dadin.
Isileko sukaldeko lana
Inauterietako desfilean parte hartuko duten 14 konpartsen artean, haiena jendetsuenetakoa izan ohi da urtero. «Bi egunetan ospatzen dugu eta gozatzeko mementoa izan ohi da, baina inauteriekin udan hasten gara pentsatzen... mozorroak, musika eta koreografiak prestatzen hasi, eta urritik aurrera entseguekin hasten gara buru-belarri», kontatu digu Marta Saguesek. Dantza eskolako txikienen irakaslea da bera. 5 urtetik aurrerakoentzat hastapenak irakasten dituzte akademian, eta 12 urtetik aurrera, koxkorragoek jazz-funky edota dantza garaikideen teknikan nahi haina sakondu dezaketen bitartean, irakasleek ongi ezagutzen dute inauterietako konpartsak urtero suposatzen duen ahalegina. «Ikusten ez den hilabete luzeetako lana dago atzean», nabarmentzen du Saguesek, «ilusio handiz prestatzen dugu, eta partaide guztien inplikazioa sekulakoa da, guk koordinatzen eta antolatzen dugu, baina haiek mugitzen dute dena».
Aurten ere 300ndik gora dantzari bilduko ditu Ainhoa dantza akademiaren inauterietako konpartsak Irungo kaleetan. Iaz Singin' in the Rain musikalean oinarritu ziren, aurten berriz, kolonbiar kunbia doinuez jantzitako koreografiak eta mozorroetan kolore biziak prestatu dituzte, Encanto marrazki bizidunetako filmean oinarrituta. «Ez da erraza urtero berritzailea izatea», aitortzen dute irakasleek, eta buruhauste galanta dakar, baina «txikiek eta helduek parte hartzen dutenez, denek gozatzeko moduko gaiak hautatu ohi ditugu, eta udazkenean denak ibili ohi dira galdezka mozorroa zein izango den». Sekretua izan ohi da hein handi batean. Akademia osatzen duen familia zabalak gorde beharreko isileko ilusioa.

Alde horretatik, asteburuko desfilean parte hartuko duten beste 13 konpartsen artean denetarik dago, elkarteak, eskola komunitateak... baina parte hartu ohi duten sei dantza akademiak dira ikusgarrienak. Zerbaitegatik bizi izan du azken urteetan Bidasoa eskualdeak dantza garaikideko akademien loraldi betea. Eta horren lekuko dira inauteriak. Irun eta Hondarribia artean, 2.000 neska-mutil inguruk egiten dute dantza eskola batean ala bestean. Eta akademia bakoitzak urtean zehar antolatzen dituen emanaldi eta ekintza ezberdinez harago, inauteriak gorriz azpimarratuta dituzte denek egutegian. «Guretzat akademian egiten dugun lanaren erakusleiho bat ere bada hein handi batean, eta inauterietarako entsegu eta lanketa ardura handiz hartzen dugu», aitortzen du Saguesek.
Ilusio kolektiboa
Hala ere, desfilean Irungo Udalak ez du lehiaketarik antolatzen aspaldi. Konpartsa guztiek dute sari bertsua parte hartzeagatik, eta beraz, norbere estilo eta baloreak erakusteko plaza bilakatzen da. Ainhoa akademia bezalako konpartsa handien kasuan «inauteriak biziarazteko eta hiria girotzeko lan boluntarioa» da gehiago, ahalegin ekonomiko handia ere egiten baitute dena ongi atera dadin. Dantzarien eta haien familien inplikazioa eskertzen dute Ainhoa Pardok eta Marta Saguesek zentzu horretan: «Boluntario askoren lanari esker ez balitz, ezinezkoa litzateke».
Ainhoa Pardoren proiektuak 2003 urtean Irungo Atseginaren atzealdean lehen urratsak egin zituenetik, garatu egin da nabarmen. Eta Kale Nagusian (Artaleku bidean) duen egungo egoitza Irungo neska-mutil belaunaldi askorentzat erreferentziazko dantza eskola bilakatu da honezkero. Aurtengo desfilean bosgarren postuan ateratzea egokitu zaio Ainhoa dantza akademiari Inauterietako Herri Desfilean. Udalak zozketa egiten baitu urtero ordena zehazteko.
Larunbata eta igandean kezkatzen dien eguraldiak ahalbidetzen badu, 17:00etan Letxunborro hiribidetik irten eta San Juan plazara helduko dira dantzan. Eta espaloietan haien koreografiak gozatzeko milaka bidasotar bilduko badira, «lan guztiak eginak eta urduritasunak behin astinduta» ikusleek baino, haiek dira inauteriak gozatuko dituztenak.
Baina gozatu ondoren ez dute atsedenerako astirik izango. Aitortu digutenez, otsailaren 17an inauteriei agur esateko irundarrek Sardina Lurperatzeko ekitaldia ospatu eta zanpatzar erre orduko, Ainhoa dantza akademian erregistroa eta pausoa aldatu, eta Amaia Kultur Zentroko ikasturte bukaerako ikusgarria prestatzen hasiko baitira. Eta litekeena da, 2027ko inauterietarako zerbait asmatzen edo ideiak barrundatzen hastea ere.