70eko hamarkada erdialdean argazkilaritzak indar dexente zuen Euskal Herrian, eta elkarte eta zaleen arteko harremanak sendotzearen ondorioz 1973an Altsasuko Alaska Hotelean bildutako hainbat argazkilarik eta Ipar Euskal Herriko argazkizaleen talde batzuk Argizaiola Saria sortu zuten. Gerora beherakada nabarmena bizi izan bazuen ere, 90. hamarkadatik aurrera berpiztu egin zen, eta Euskal Herriko lehiaketa ezberdinetan aukeratutako argazkien lehiaketa bilakatu zen, eta urtero erakusketa ibiltaria antolatzen dute.
Otsailaren 24 arte Irungo Palmera Montero gunearen atarian aurkituko dituzue 2025 urteko Argizaiola Sariaren erakusketa. Astelehenetik ostiralera 8:00etatik 22:00etara, eta larunbata eta igandetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara bisita daiteke. Euskal Herriko Argazkilari elkarteen federazioak sustatzen duen lehiaketak 45. edizioa ospatu zuen iaz, eta bertara aurkeztu ziren irudi onenak bildu dituzte bertan. 2025eko Argizaiola Saria Igor Altunak irabazi zuen bitartean, Javier Ortiz eta Javier Alonsok eskuratu zituzten akzesitak.
'Lehiaketen lehiaketa' izenez ere ezaguna da Argizaiola. Izan ere, elkarteak urtean zehar babestutako lehiaketetan sarituak izan diren Euskal Herri osoko argazkilariek gonbidapenez parte hartzen dute. Beasaingo Hiria + Igartza Saria, Tolosa Herria, Zumaia Hiria, Bergara Hiria, Legazpi Hiria, Indalecio Ojanguren (Eibar), Irun Hiria, Photoka Saria (Gernika-Lumo), Lux Splendida (Vitoria-Gasteiz), UK Foto (Sopela) edota Nazioarteko Gipuzkoa Sarian (Donostia) sariztatutako lanak dira, besteak besteak.