Joan den ostegunean, Irungo Dunboa, Toki Alai eta Beslakoenea ikastetxeetako familiek, Familia Laguna programatik antolatutako “Irungo baliabideak ezagutzen” jardueraren baitan antolatutako bileran parte hartu zuten. Urtero egin ohi den ekimena da, eta herrira bizitzera etorri berri diren familiei zuzendutakoa da, batik bat. Palmera Montero Gunean egin zuten bilera, eta Udaleko Esku Hartze Komunitarioko, Haurtxokoetako, Gaztelekuetako, AEK, Kera elkarteko, Adiskidetuak elkarteko, Bizi Irun elkarteko eta Txingudiko Elkarte Feministako ordezkariek parte hartu zuten. Era berean, udalak hiriko zenbait auzotan martxan dituen kale-hezitzaileen programari buruzko informazioa eman zitzaien bertaratu zirenei.
Gerturatu ziren familiek baikorki baloratu zuten bilera, beraien «errotze prozesurako oso interesgarria» delakoan. Alde horretatik, horrelako topaketek harremanak sortzeko eta komunitatearekiko lotura sendotzeko aukera ematen dutela nabarmendu dute antolatzaileek.
Integraziorako programa eraginkorra
Familia Lagun proiektua duela 10 urte sortu zen Donostiako Aitor ikastolan, eskola komunitate inklusibo baterantz kulturarteko eredu pedagogikoa martxan jartzeko asmoz. Elkarrekin ikerketa eta gizarte ekintzarako kooperatibak gidatzen duen "Ongi Etorri Eskolara" egitasmo inklusiboarekin bat egin dute orain artean Irungo Dunboa, Toki Alai eta Belaskoenea ikastetxe publikoetan. Eta horren barruan Familia Lagun programarekin. Garazi Zarauz, kooperatibako kideak azaldu digunez, akonpainamendua eskaintzen diete ikasle eta familiei, euskara funtsezko elementutzat hartuz.
Helburu horrekin, esku-hartzeak egiten dituzte irakasleekin, ikasleekin eta, batez ere, familiekin. Izan ere, Familia Laguna programak hurbiltasun harremanen bitartez, herrialde ezberdinetatik emigratu duten familiak eta adin bereko seme-alabak dituzten familia euskaldunak harremanetan jartzen ditu. «Ohartu ginen migrazio transnazionala nabarmen handitu egin zela, eta horrek eskoletako errealitatea aldatu egin duela», dio Garazik, «horregatik garrantzitsua da Irun bezalako hiri batean ere esku hartu ahal izatea».
Ekimena, berez, Donostian ama talde batek abian jarri zuela gogoratzen du Elkarrekin kooperatibako kideak, «gure auzo eta ikastetxeetako aniztasuna ikusita, harrera lantzearen beharra sentitu zutelako, eta euskararekiko ere zenbait erronka ekartzen zituelako migrazio horrek». Garazi Zarauzek dioenez, familiak inplikatzea erabaki zuten lanketa horretan, eta ikastetxeei tresnak eskaintzea. Orain artean, Lehen Hezkuntzako Donostiako 8 ikastetxetan, Errenteriako 6 hezkuntza zentrotan eta Andoaingo beste hirutan, 200 familia baino gehiagok parte hartu dute kulturen arteko hurbiltasun eta ezagutza harremanak sortuz. Eta Irunen ondo errotzen ari da aipatutako ikastetxeetan.
Euskara integraziorako tresna
Hamarkada beteko eskarmentuaren ondoren, metodologia oso bat garatu dute, eta Irunera Parean elkartearen bidez hasi ziren Dunboa ikastetxean. Bertan 2023an Kaleidoskopioa proiektuan parte hartu zuten, kanpoko eta bertako familiak binazkatuz. Ondoren murgildu ziren ekimen honetara, eta iaz batu zen Toki Alai ikastetxea ere. Alde horretatik, Irungo biztanleen %20 inguruk atzerriko jatorria du, eta iritsi berriak diren familiak integratzeko eraginkorra dela frogatu dutela dio proiektuaren eramaileak.