Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu. Eta inauterietan ere berdin gertatu ohi da. Larunbateko eta igandeko konpartsen desfilean belaunaldiz belaunaldi ematen diote elkar konpartsetako partaideek inauterietako alaitasunaren lekukoa. Dantza akademia, eskoletako guraso elkarteak zein askotariko kultur elkarteek uda amaitu bezain pronto prestatzen hasitako gurdiak, koreografiak eta mozorroak aurkeztuko dituzte kalez-kale.
Eguraldiari so
Haatik, eguraldiaren iragarpenak kezkatzen ditu konpartsak. Baita Irungo Udala ere. Baina «haizeagatik alertarik ez dagoen bitartean, bustiko bagera ere inauteriak bere horretan ospatuko ditugu», argitu du Nuria Alzaga Kultura zinegotziak. Horretarako, A eta B plana prestatu du udalak. Mementoz, otsailak 11 18:00etatik osteguna 12:00ak arte abisu horia eman dute haize bolada indartsuengatik. Irungo Udaleko Segurtasun eta Bizikidetza arloak jakinarazi duenez, Babes Zibilako taldea aktibatu da eta Obrak, Mantentze eta Azpiegituren arloak eta Udaltzaingoak abisu horiaren bilakaeran adi egongo dira.
Han jusut, bihar hasiko dira inauteriak ospatzen, Ostegun Gizenarekin hasi eta sei eguneko programazio oparoarekin. Alde horretatik, zinegotziak hiriko elkarte, dantza akademia, guraso elkarte eta eragileen lana goraipatu du. «Haien lanak egiten du inauterien %99a, hilabete luzez ibili dira lanean dena prestatzen, eta azken egun hauetan hiriko pabiloi eta elkarteen egoitzetan goizeko ordu txikitan aritu dira konpartsen karrozei azken ukituak ematen», nabarmendu du.
Inauterien desfilea ez ezik, Kemen dantza taldeak larunbatean 12:00etan Pio XII. plazatik San Juan plazara bitartean ospatuko duen Euskal Herri Inauteria eta igandean, Egoipar eta Txorimaloak Soinu Taldea batuko zaie euskal dantza taldeek Landetxa, Meaka eta Olaberria auzoetan egiten duten baserriz-baserrikoa ospatzeko. Hau ere balioan jarri nahi izan du zinegotziak, «hiri erdian ez denez, ezezagunagoa bada ere, gorde beharreko ohiturak» baitira.
Sei eguneko ospakizuna
Hain justu, bihar Zanpantzar konpartsaren usadioarekin ekingo diote Irungo inauterien programari. 19:00etan aurkeztuko duten mementotik eta asteartean Sardina Lurperatu eta Zanpantzar bera epaitu eta erre bitartean, eguraldiari so egongo dira. Alzagak aurreratu duenez, Zanpatzarren aurkezpena udaletxeko arkupetan egingo lukete euria eginez gero. Eta ostiraleko konpartsen aurkezpena, aldiz, azkenik Amaia Kultur Zentroan egitea erabaki dutela jakin izan du Antxeta Irratiak. Gaur bertan hala jakitera eman baitiete 14 konpartsa parte-hartzaileei. Gainerakoa bere horretan mantentzen dute momentuz. Desfilearen kasuan, «bustitzea egokituko bada ere».
Bestalde, astelehenean «familia kontziliazioarekin» pentsatu du Irungo Udalak. Haurrak oporrak dituztela aintzat hartu dute, eta haientzako jarduerak eta animazioak antolatu dituzte. Goizez (10:30-13:30) eta arratsaldez (16:00-18:00), gaztelu puzgarriak izango dira Urdanibia plazan (Eguzkitza eskolaren aterpean euria balitz), eta CBA Kulturguneko Ireki Art espazioan, berriz, ipuin kontalariak eta animazioak proposatuko ditu Asier Burguete aktore eta showman irundarrak, 'Kapelagilearen Abenturak' ikuskizuna.
Hemen eskura dago Irungo Inauterietako programazio osoa.