Irungo alkateak aurrekari penalen erregistrora sarbide zuzena eskatuko du udaltzainentzat Madrilgo Kongresuan

Antxeta Irratia 2026ko otsailaren 11

Atxilotutako edo ikertutako pertsonen aurrekari penalak Udaltzaingoak ere berehala eskuratu ahal izateko SIRAJ sistemara sarbide zuzena eduki dezan eskatuko du Irungo alkateak bihar Madrilgo Diputatuen Kongresuan. Beste zenbait udalerrirekin batera, eskaera formala luzatu diote Justizia Ministerioari erreinzidenteen erregistroa erabiliz eraginkorragoak izateko. Berez, 250.000 biztanleko udalerrietako eta probintzia hiriburuetako udaltzainek baizik ez dute tresna hau erabiltzeko eskumena. Beraz, Irungo hiriak duen kokapen berezia aintzat hartu eta salbuespena egin dezaten eskatuko du Cristina Labordak.

Irungo alkate Cristina Labordak formalki eskatu dio Presidentetza, Justizia eta Gorteekiko Harremanetarako Ministerioari Irungo Udaltzaingoak multierreinzidenteen erregistrora zuzenean sartu ahal izatea. Alkateak aitortu duenez, berez, hiru euskal hiriburuetako udaltzainek jada erabiltzen dituzten tresna bertsuak Irungo Udaltzaingoak ere eskuragarri ukan dezaten «salbuespen neurri» bat da. Baina Irungo udaltzainek ere, aurrekari penalen fitxategietara eta kautelazko neurriei eta urruntze aginduei buruzko informaziora sarbidea ematen duen SIRAJ sistema kontsultatu ahal izatea ezinbestekoa da alkatearen arabera. 

Agintaritza judizialarekiko koordinazioa hobetzeko baliagarria izango delakoan dago, eta horrekin Irungo Udalak udaltzainen jardueraren eraginkortasuna indartu nahi du. Cristina Labordak argitu duenez, «Irungo hiriaren interesak babestu nahi ditugu, eta mugaldean hartzen dugun garrantzia aldarrikatzen dugu aldi berean». Izan ere, Irungo hiriak duen muga izaera batetik, eta eskualdeko hirigune nagusia den heinean, Udaltzaingoaren lan karga hirian erroldatuta dauden 63.835 biztanleei eman beharreko zerbitzuarena nabarmen gainditzen duela oroitarazi du. Zehazki, mugaz gaindiko 100.000 pertsona baino gehiago biltzen dituen eskualdean kokatuta dago Irun, eta urteko aldi jakin batzuetan, egoiliarren eta bisitarien kopurua nabarmen handitzen da. «Horrek polizia gaitasun operatibo handiagoa eskatzen du», dio alkateak.

Irungo Udaltzaingoaren benetako lan karga «itzela» dela azaldu du Labordak, datuak emanez. Azken lau urteetan 345 atxiloketa egin dira eta egoitza judizialera eraman dira, 625 pertsona ikertu dira epaiketa azkarretan, eta 2.755 atestatu bideratu ditu Udaltzaingoak. Alde horretatik, SIRAJ sistemara sarbide zuzena edukitzeak aukera emango luke lan hori zorroztasun tekniko handiago batez egiteko, hasiera-hasieratik eskuragarri egongo baita erreinzidentziari buruzko informazioa.

Era berean, mugaz gaindiko mugikortasunak eragiten duen pertsonen joan-etorri etengabeak, polizien esku hartzeak zailtzen dituela aditzera eman du. Lapurdi eta Nafarroako udalerriak mugakide ditu, eta poliziek aurrekari penalak ahalik eta azkarren ezagutzeko tresnak behar dituztela defendatzen du Labordak.

Esan bezala, Irungo Udalak egindako eskaera apartekoa da. Egun indarrean dagoen araudiaren arabera, 250.000 biztanle baino gehiago izan, edo probintzietako hiriburuen kasuan 175.000 biztanle baino gehiago, bete beharreko baldintza da udaltzainek informazio-tresna hau erabili ahal izateko. Araudi horren arabera, aldiz, sistema horretan sarbidea izan dezakete 75.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerriek, betiere inguru ekonomiko, sozial, historiko edo kultural bereziak baldin baditu. Eta Bidasoa eskualdean, Irungo hiriak azken baldintza hau betetzen duela uste du Cristina Labordak. «Herritarrek erantzunak eskatzen dizkigute eta gure betekizuna da ekintzen bidez erantzutea, ez soilik hitzez», esan du. Eta joan den urteaz geroztik Irungo Udaltzaingoa eta Ertzaintzaren arteko elkarlana eta koordinazioa hobetu eta gero, ostegun honetan Madrilgo Kongresuan beste zenbait alkaterekin batera defendatuko duen eskaera hurrengo urratsa dela adierazi du.