Asteburu honetan inauterietako 14 konpartsa handiek Irungo erdigunea hartuko duten bitartean, desfileaz harago bizi da inauteko arima. Euskal dantza taldeek usadio zaharrak gordetzen dituzte urtez urte. Eta igandean Irungo baserri eta nekazal auzoetan barrena ibiliko dira Puxka Biltzen.
Haatik, larunbatean Kemen dantza taldeak larunbateko Inaute Aurrean ohitura duen legez, Euskal Herri Inauteria ospatuko du Irunen. Urtero Euskal Herriko herri bateko euskal inauteria hautatzen dute horretarako. Eta azken urteetan Luzaideko bolantak edota Zuberoako Maskarada Irungo kaleetara ekarri ondoren, aurten Altsasuko inauteriak aukeratu dituzte. Kemen taldeko Amaiur Calbete Olaizolak azaldu digunez, «taldeak jantzi errepertorioa zabala dauka, eta momotxorro jantzi ofizialak aspaldi ditugunez, momotxorroz eta sorginez jantziak aterako gara».
Azaldu digunez, Kemen eta bere harrobiko Adaxka taldeko dantzariekin 100 bat lagun bilduko dira kalejiran, otsailaren 14an 12:00etan Pio XII.aren plazatik abiatuta. Zabaltza plazan eta San Juan plazan egin ohi dituzte geldialdi eta dantza emanaldia. Baina Kemen taldeko kideak aipatu digunez, aurretik 11:00etan Ama Xantalengo zaharren egoitzan hasiko dira bertakoei goiza alaitzeko helburuarekin.
Igandeko Puxka Biltzea
Bestalde, baserriz baserri dantzan eta eskean ibiltzeko ohitura zaharra dute Irungo euskal dantza taldeek igandeko Zaldun Inaute egunean. Kemeneko dantzariak Olaberria auzoan ibiliko dira 9:30etik aurrera. Era berean, Egoipar Meaka dantza taldea Meakan ibiliko da, eta Txorimaloak Soinu taldea Landetxan.

Eraiki dantza taldea igandean 8:45ean San Martzialen eman du hitzordua. Joan den asteburuan Inudeak eta Artzaiak euripean ospatu ondoren, oraingoan 1984tik egiten duten bezala, 100 lagun inguru elkartuko dira Behobia eta Bidasoa auzoko baserrien atarietan Fandango eta Arin-Arin dantzatzeko. Elkarteak iragarri duenez, Behobiko auzo elkartean duten egoitzan amaituko dute, bazkari batekin eguna borobiltzeko.