Hiritarren partaidetza bilatzen duen 'Alkatea auzoetan' ekimena Belaskoenea auzora helduko da hurrengo astean. Hilaren 19an, ostegunean, Cristina Laborda alkatea auzoko kaleetan zehar ibiliko da, 17:00etan, auzo-elkarteko kideek lagunduta. Eta ondoren, 19:00etan, auzotarrekin bilera egingo du Ferrones kalea, 34 zenbakian dagoen auzo elkartean. Irungo Udalak gogoratu duenez, azken hilabeteetan Behobian, Urdanibia-Berri (Uztarri Ona), Lapitze-Elitxu, San Migel, Arbes, Santiago, Alde Zaharra-San Juan, Anaka-Puiana, Larreaundi, Dunboa, Landetxa-Katea, El Pinar eta Antzaranen egon eta gero, Belaskoenea auzoarekin emango diote jarraipena programari.
Izan ere, 2024ko maiatzean berrekin zion alkateak ekimen honi, eta Irungo 17 auzoetatik pasako zela iragarri zuen. Udalak gogoratu duenez, bisita hauen helburu nagusia da «herritarren ideiak, kezkak eta iritziak bertatik bertara ezagutzea». Alkateak azpimarratu du «itxuraz txikiak diren proiektuen bidez, parte hartzean oinarritutako hiri inklusibo bat eraiki» nahi duela.
Alde horretatik, hamarkada luzea darama Irungo Udala programa honekin udalgintzan «mikro-politika» bultzatu nahian. Zehazki, Jose Antonio Santano alkate zela, 2011ko abenduan egin zen aurreneko bilera Larreaundi-Olaberria auzo elkartean. Eta bilera ziklo berri hau martxan jarri arte egindako 50 bilkuretan 1.621 eskaera jaso ditu udalak. Horietatik auzokideekin eskaeren %83 konpromiso gisa aintzat hartzeaz gain, kasuen %84an aurrera eraman edo exekutatu diren proiektuak direla nabarmendu du udalak. Izan ere, alkateak dio «entzuketa aktiboa ez ezik, auzotarrei erantzutea» dela egitasmo honen helburu nagusia.
Bestalde, bilera ireki hauetara hurbiltzerik ez duten auzokideekin pentsatuz, aurreko edizioetan bezala, Irungo Udalaren webgunean proposamenak eta iradokizunak aurkezteko gune bat gaituko du udalak astebetez. Atal horretan, Alkatea Auzoetan programan hartutako konpromisoen betetze maila eta jarraipena egiteko aukera ere ematen dute.
Antzaran auzoko konpromisoak
Alkatea auzoetan itzuli berri honen hamahirugarren saioa izango da Belaskoenean otsailaren 19an egingo dutena. Aurrekoa, urtarrilaren 29an egin zuten Antzaran auzunean. Eta bertan jasotako iradokizun guztiak aztertu ondoren, Irungo Udalak hartu dituen konpromisoen artean, besteak beste, auzoko segurtasuna hobetzea, Antzaran plazako loreontzietan landaketak berritzea, gizalegezko kanpaina bat abiaraztea, edota Hendaia kaleko lorategietan argiztapena hobetzea izan direla argitu du.