Bidasoa ibaian desagertutako gizon baten bilaketa lanetan ari dira operatibo zabal batekin

Antxeta Irratia 2026ko otsailaren 15a

Ertzaintzak Behobia auzoan lapurretan harrapatu zituen bi gizon igande goizaldean, eta bietako bat ibaira jauzi egin zuen ihesean zihoala. Gurutze Gorriak, Ertzaintzako erreskate-taldeak, Euskadiko Salbamendu Taldeko txakurrek, Itsas Salbamenduko helikopteroak eta Hendaiako poliziek parte hartu dute bilaketa lanetan, orain artean emaitzarik gabe.

Ertzaintzak informatu duenez, Irungo Behobia auzoako gasolindegi batean autoak garbitzeko gune baten diru-kutxak hustutzen harrapatu zituzten bi lapur, larunbatetik iganderako goizaldean, 01:30ak aldera. Eta ihesean zihoala uretara jauzi egin zuen desagertutako gizona. Bigarren lapurra bertan atxilotu zuten, eta soinean zeramatzan 100 gramo haxixa atzeman zioten.

Pausuko zubia eta Faisai uhartearen artean bota zen desagertutako gizona uretara, eta poliziek ez zuten berriz uretatik azaleratzen ikusi.

Azken egunetako euri erauntsien ondorioz, Bidasoa ibaiaren ur emaria handia da, eta ur-korronte azkarrak ditu. Eta beraz, gizonaren bilaketa dispositibo handia aktibatu zuten berehala. Gurutze Gorria, Ertzaintzako erreskate-taldea eta Euskadiko Salbamendu Taldeko bilaketarako txakurrek parte hartu zuten hasieran. Ondoren, Itsas Salbamenduko Helmer helikopteroa ere batu da operatibora. Eta CCPAren bidez, Hendaiako poliziak ere parte hartu du bilaketa lanetan. Igande osoan zehar bilaketa lanek ez dute emaitzarik ekarri, eta igandean 18:40ean desaktibatu zuten operatiboa, astelehen goiz honetan argitu bezain pronto berriz abian jartzeko asmoz. Aldiz, euri aurreikuspenak direla eta, bilaketa lanak atzeratzea erabaki dute goizeko lehen orduan. Salbamendu operatiboa berriz aktibatuko dute ahal bezain laster.