"Kooperatuz" laugarren saria antolatu du BDSKoop Eraldaketa Fabrikak

Antxeta Irratia 2026ko otsailaren 23a

Printzipio kooperatiboetan oinarrituta, garapena hazkunde hutsetik harago daramatzaten proiektuak saritzeko deialdia luzatu du BDS Koop Eraldaketa Fabrikak laugarrenez. Aurreko edizioetan eratu berriak ziren Bidasoko eta Gipuzkoako kooperatibak aintzat hartu zituzten, eta iaz EAE osora zabaldu zuten sariketa. Oraingo honetan, balore kooperatiboak gizarteratzeko, enpresa kooperatibak ez ezik, S.L., elkarte, talde informal zein partikularrak ere aurkez daitezke.

 

Ekonomia Soziala etekin ekonomikoen hazkundea bilatzen dituen mundu kapitalistan kontraesankorra diruditen bi termino irudi dezakete. BDS Koopen, aldiz, argi dute etekinaren aldean gizartearen garapena eta ongizatea behar dela lehenetsi. «Garapena ez da hazkunde hutsa, baizik eta gure beharrak asetzea. Eta behar horiek askotarikoak izan daitezke», argitu du Dornaku Lantz, BDS Koopeko kideak. 

Ikuspegi zabal horrekin, kooperatibismoaren printzipioekin lan egiten duten proiektuak aztertu eta sarituko ditu BDS Koopek laugarren urtez. Kooperatibismoa eta eraldaketa soziala sustatzen dituen elkarteak, KOOPERATUZ 2026 sariaren deialdia egin berri du. Eta aurreko edizioetan eratu berriak ziren Bidasoko eta Gipuzkoako kooperatibak aintzat hartu zituzten bitartean, iaz EAE osora zabaldu zuten sariketa. Oraingo honetan, berriz, balore kooperatiboak oinarri dituzten proiektuak aurkezteko modua ere, ireki dute. 

Orain artean galdetegi zehatz bat osatu behar zuten euren burua aurkezten enpresek. Eta oraingo honetan, berriz, Ekonomia Sozialaren balioak eta printzipio kooperatiboak gizarteratzeko eta ikusarazteko helburuarekin, enpresei ez ezik, herritar guztiei luzatutako deialdia egin dute. «Kooperatibismoaren jardun eredugarriak aitortzeko, eta hausnarketa sustatzeko S.L., elkarte, talde informal edo partikularrak aurkeztu daitezke», argitu du Dornaku Lantzek, «eta sormenaren izenean, ez da formulariorik osatu beharko». Izan ere, aurtengoan, hiru irudi, bideo motz bat edota idatzi baten bidez aurkeztu beharko da proiektua, betiere, «ekonomia jasangarri, sozial eta bidezkoago bat egingo duen ekonomia baten alde».

Hartara, zazpi printzipio kooperatiboak aintzat hartu beharko dira, eta horietariko bakar batean sakonduz egin daitekeela argitu dute. 1895ean Kooperatiben Aliantza Internazionalak adostu eta ezarritako zazpi printzipioak kontuan hartuko dituzte. Eusko Jaurlaritzak kooperatiben erregistroan betearazten dituenak: kideen kudeaketa demokratikoa, kidetza irekia eta borondatezkoa, kideen parte hartze ekonomiko beharrezkoa, autonomia eta independentzia, kooperatiben arteko lankidetza, komunitatearekin konpromisoa, hezkuntza, formakuntza eta informazioa bermatzea.

BDS Koopek 1.500 euroko bi sari banatuko ditu, Gazteen kategoria (17 urtera arte) eta Helduen kategoria (18 urtetik gora): Lanak aurkezteko azken eguna apirilaren 20a izango. BDSKoopek jakinarazi duenez, epaimahai kualifikatu batek hartuko du erabakia, ELKAR-LAN, KOOPFABRIKA eta GEZKIko ordezkariek osatutakoa. Informazio gehiago behar izanez gero, emailez proiektuak@bdskoop.eus helbidera idatzi behar da, edo telefonoz 843 740 198 zenbakira hots egin.