Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuak "Euskararen Hilabetea" martxan jarri du. Urteroko egitarauari jarraipena eman diote oraingoan ere, euskararen erabileran eta motibazioan eragiteko helburuarekin. Hartara, 'Klik euskarari!' lelopean, haur eta gazteek euskararen erabileran eta kulturaren kontsumoan urrats bat eman dezaten gonbidapen bat gehiago izan nahi du. Josu Iguiñiz Euskara zinegotziak azaldu duenez, «udalak antolatzen dituen programen eraginkortasuna ebaluatzeko helburua markatu da Euskaraz Zerbitzua, baina kasu honetan, haur askok antzerkiarekin edo euskararekin eskolaz kanpo duen harreman bakarra izan daitekeela ohartu gara».
Hortaz, ezinbestean ikastetxeei proposamena luzatzeko erabakia atxiki dute. «Goi mailako antzerki konpainien lanak ikusi ahal izango dituzte, eta Mintzodromoaren kasuan ere haur eta gazteei pertsona kritikoak eta sortzaileak izateko aukera emateko» programa ondu dutelakoan dago ordezkari jeltzalea. Izan ere, Euskararen Hilabetearen hirugarren ardatza Irunero argitalpen berezia izan da. Oraingo honetan formatu digitalean bada ere, ikasleek haien ikasleen sorkuntza lanei ikusgarritasuna emateko helburuarekin bi zenbaki berezi plazaratu dituzte. Batak, Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzako 4. mailara bitarteko ikasleen lanak biltzen ditu; besteak, Lehen Hezkuntzako 5. mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara bitartekoak.
Bestalde, DBHko 4. mailako ikasleentzat bi Mintzodromo Gazte saio antolatu dituzte. Aurrenekoa otsailaren 7an egin zuten, eta otsailaren 27an egingo dute bigarrena Palmera Monteron gunean. Maialen Pikabea Euskara teknikariak azaldu duenez, orotara 410 ikaslek hartuko dute parte, eta oraingo honetan, Loveo enpresaren gidaritzapean antolatu dituzte. «Sare sozialen, intimitatearen, sedukzioaren eta edertasun ereduen inguruan euskaraz egiteko aukera izango dute gazteek beste institutuetako ikasleekin», argitu du Pikabeak.
Antzerki eskaintza oparoa
Haur eta gazte gehien mobilizatuko dituen eskaintza, aldiz, Irungo Euskara Zerbitzuak urtero ikastetxeentzat antolatzen duen euskarazko antzerki-programazioa izango da. Oraingo honetan, Haur Hezkuntzako HH 3, 4 eta 5 urtekoentzat, Lehen Hezkuntza LH 3. eta 4. mailakoak, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako DBHko maila guztientzat ikuskizunak proposatuko dituzte otsailean eta martxoan zehar.
Hain justu, asteazken honetan, otsailaren 25ean izango da lehen emanaldia. Pantzart konpainiaren 'Kolorez kolore' antzezlanak emango dio hasiera Euskararen Hilabeteko programari, Haur Hezkuntzako 3, 4 eta 5 urteko haurrei zuzendutako, poema, txotxongilo eta abestiek osatutako obrarekin. Berez, 'Kolorearen aztia' izenez ezagutzen den Květa Pacovská ilustratzaile txekiarraren lan plastikoan inspiratua dago.
Martxoaren 4an eta 5ean, LHko 3. eta 4. mailako ikasleen txanda izango da. Gorakada Teatroak 'Moko' ikuskizuna eskainiko du haientzat. Munduaren begietarako munstro bilakatu zen ume baten istorioa kontatzen du.
Azkenik, DBHko gazteek emango diote bukaera Euskararen Hilabetearen egitarauari, hain zuzen ere, martxoaren 25, 26 eta 27an, Pikor Teatroak 'Rednudes' antzezlana taularatuko du. Nudeak, bideo eta argazki intimo konprometituak, lapurtuak, baimenik gabe publikatu eta sareetan biralizatuak ditu hizpide. Eta ikasleen artean alarma eta gatazka gero eta handiagoak sorrarazten dituen puri purian den gaia izanik, gaiaz hausnartzeko parada emango die.