Irungo Udaleko Gizarte Ongizate arloak 60 urtetik gorakoentzat 'Bizi Gogoz' programaren urteko lehen sei hilekoan izena emateko deialdia luzatu du. Pertsonen arteko harremanak indartzeko, sozializatzeko, eta bide batez, adinekoen intereseko gaiak lantzeko aukera ematen duen programa da honakoa. Josu Iguiñiz Gizarte Zerbitzuetako ordezkariak azaldu duenez, «sormena sustatzeko eta ongizate mental eta fisikoa bultzatzeko helburua» du, eta 2023ko udal aurrekontu parte-hartzaileetan herritarrek egindako eskaerari erantzunez antolatzen hasi zutenetik, arrakasta lortu du.
Izan ere, 2024an abian jarri zuten, eta iaz 60 urtetik gorako 265 pertsonak parte hartu zuten. «Jardueren oso balorazio baikorra helarazten digute erabiltzaileek, ariketa artistiko, musikal eta fisikoen bidez, parte-hartzea bultzatzea eta babes-sareak sortzen direlako», aditzera eman du Iguiñizek.
Udalak iragarri duenez, 'Bizi Gogoz' programaren jarduera guztiak Palmera Montero gunean egingo dituzte, martxotik aurrera, eta jarduera guztiak doakoak izango badira ere, aldez aurretik Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ) eta Udalaren Egoitza Elektronikoan izena eman behar da, otsailarek 23tik martxoaren 1era arte.
Tailer proposamen anitza
Orotara lau tailer izango dira. Norbere bizitzaren liburua idazteko aukera eskainiko duen literatura eta sormenari lotutakoa, 'Bazen behin nire bizitza' idazketa autobiografikoko tailerra. Itziar Sistiaga idazleak zuzenduko du tailerra, eta guztira 15 saiotan egingo dituzte, martxoaren 2an hasi eta abenduaren 14a bitartean, bi astelehenetik behin 17:00etatik 19:00etara.
Bestalde, +60 sexualitate tailerra proposatuko du Raquel Calvo sexologoak. Taldeko sei saiotan, kontzeptu teorikoak lantzeko eta adinekoen sexualitatearen hainbat ikuspegi aztertzeko aukera izango dute tabuak apurtuz. Apirilaren 17an eta ekainaren 12an izango dira saioak, ostiralarekin, 17:00etatik 19:00etara.
Era berean, +60 ART 'Emakume artistak: Ruth Asawa' tailerrean, Junkal Alfonso artistaren eskutik, arte plastikoak landuko dituzte emakume artista esanguratsuen lanak ezagutuz. Martxoko astearteetan izango dira saioak, 17:00etatik 19:00etara, eta iragarri dutenez, Bilboko Guggenheim Museoa bisitatzeko irteera bat ere antolatu dute martxoaren 26rako (osteguna), Ruth Asawaren erakusketa ikusteko.
Azkenik, apirilaren 29an, eskulangileentzat aparteko joskintza tailerra prestatu dute, 17:30etatik 19:30etara, Belaunaldiarteko Elkartasunaren Egunean, hain zuzen. Sonia Ruiperezek zuzenduta, belaunaldien arteko harremanak sortzeko helburuarekin, 60 urtetik gorakoek eta gazteek bizkar-zorro bat egingo dute, oihalak berrerabiliz.