Joan den larunbatean Euskal Herriko Pentsionisten Mugimendiak (EHPM/MPEH) deituta Bilbon eta Donostian manifestazio jendetsuak egin ondoren, Txingudiko Pentsionisten Mugimenduak hileroko manifestazioa egin du gaur Irungo kaleetan.
Asteburuan, eta astelehen honetan eskualdeka ere, «pentsioen bizitzaren garestitzearen berehalako eguneratze automatikoa» exijitu dute, eta Gutxiengo Soldata Interprofesionalarekin (SMI) ekiparazioa aldarrikatu dute.
Ez dute etsiko. Eta 2024ko abenduaren 24an Eusko Legebiltzarrean pentsioen osagarriaren alde erregistratutako Herri Ekimen Legegilea (HEL) aurkezteko bildu zituzten 145.000 sinadurak, PSEkneta EAJk legebiktzarrean blokeatu zituzten arren, pentsio duinen alde borrokan jarraitzen dute.
Pentsionisten plataformak salatu duenez, otsaila bukaeran gauden honetan, oraindik ere ez dakite 2026ko pentsioa nola geratuko zaien. «Urtarrila eta otsailean eguneraketa jaso dugu, baina martxorako ez gaude ziur, oraindik ere ez dutelako Errege Dekretua Parlamentuan bozkatu», kexu dira.
Alde horretatik, pentsionisten duintasuna «joko politikotik kanpo uzteko» eskatu dute, eta pentsioen eguneraketa urterokoa ez ezik, urte hasieratik argitu dezatela exijitzen dute.
Pentsiodun askoren prekaritate egoera
Hortaz gain, gutxiengo pentsioa SMIarekin parekatzeko beharra aldarrikatzen dute, duintasunez bizi eta hilabete bukaerara iritsi ahal izateko. Eta bereziki, EAEn milaka emakume pentsionistek bizi duten egoera prekarioa oroitarazi dute.
Xole Aguirre, Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduko kideak gogoratu du Irunen 1.000 pertsona inguru daudela 650 euro inguruko pentsioa jasotzen dutenak. «Nola bizi daiteke gaur egun halako pentsio prekario batekin?», salatzen du, «badugu plazan astero biltzen den Irungo jendea ez duenak ur beroa edo berogailua jartzerik etxean». Halako egoera prekarioan bizi diren pentsiodunen gehiengoa emakumezkoa dela oroitarazten du, eta beraz, «pentsioetan ere dagoen arrakalarekin amaitzea» ezinbestekoa dela aldarrikatzen dute.