Martxoaren 2tik 13ra zabalduko dute Solas Jolas udalekuetan izena emateko epea

Antxeta Irratia 2026ko otsailaren 24a

Uda urrun egon daiteke, baina Irungo Udaleko Euskara Zerbitzua Solas Jolas udaleku irekietarako prestaketa lanetan hasi da. Irunen erroldatuta edota Irungo ikastetxe batean matrikulatuak dauden 2016 eta 2021 urteen artean jaiotako haurrei zuzenduta dago. Betiere euskara maila minimo bat eduki behar dute, udalekuen helburua «hizkuntza ohituretan eragitea» baita. Ohikoa den bezala, bi txanda antolatuko dituzte: aurrenekoa uztailaren 3tik 30era, eta bigarrena abuztuaren 4tik 31ra. Hezkuntza Premia Zehatzak dituzten haurrentzat 20 plaza eskainiko dituzte. 

Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuak iazko Solas Jolas udalekuen balorazio baikorra egin du gaur. Iazko udaleku irekietarako 876 lagunek egin zuten eskaera, eta 574 haurrek parte hartu zuten azkenik. Horietatik 507 uztailean, eta gainerako 67 haurrak abuztuan antolatutako txandan. «Eskolaz kanpoko aisialdian eta udako oporretan euskaraz aritu eta ondo pasatzearekin lotzeko aukera ematen duen udalekua», dela nabarmendu du Josu Iguiñizek Euskara arloko zinegotziak «helburua hizkuntzarekiko jarrera hobetzea baita».

Urtetik urtera arrakasta lortzen duen programa dela oroitarazi du, eta joan den urtean baliabide gehiago bideratu zituztela. Izan ere, orotara 83 hezitzaileen gidaritzapean aritu ziren, eta Hezkuntza Premia Zehatzak dituzten haurrentzat 20 plaza eskaini zituzten espresuki. «Iaz kontratua maximoetara eraman genuen, eta aurten ezingo dugu gehiago eskaini», argitu du zinegotzi jeltzaleak, Euskara Zerbitzuak antolaketa, lan eta aurrekontuari dagokionez duen programarik garrantzitsuena dela nabarmenduz.

Hain justu, Irungo Udalak bi urterako kontratua esleitu zuen 2024ko otsailean, 438.685,44€ko aurrekontuarekin. Eta aurreikusitako luzapen posibleentzat, urtean 219.342,72€ko prezioa badu ere, beharrei erantzuteko 87.737,09€ko modifikazio aukera aurreikusia zuten.

Horiek horrela, formula eta formatua errepikatu egingo dute heldu den udan. Oraindik zehaztu gabe daude zein eskoletan antolatuko dituzten txandak, izan ere, ikastexeetan udan egingo dituzten konponketa eta obrek baldintzatuko dute. Hala ere, mementoz, aurre izen-emate epea besterik ez dute irekiko, eta beraz, behin-betiko plazak esleitzerako hau argitu egingo dute. 

Oraingoan, 2016 eta 2021 urteen artean jaiotako Irunen erroldatuta dauden haurrei edo, bestela, Irungo ikastetxe batean matrikulatuta dauden haurrentzat eskaintza luzatuko dute. Udalak argitu duenez, betiere euskara hutsean edo euskaraz eta erdaraz (elebitan) ikasten duten ikasleak onartzen dituzte. Hau da, euskaraz aritzeko gutxieneko maila bat behar dute udalekuetan onartuak izateko.

Aurre izen-ematea eta ondoko prozedura

Josu Iguiñiz azaldu duenez, ohi bezala, aurten ere bi txanda izango dira: uztailaren 3tik 30era eta abuztuaren 4tik 31ra. Interesa duten familia guztiek datorren astelehenetik aurrera, martxoak 2, egin ahal izango dute aurre izen-ematea. Irun Txartela edo ziurtagiri digitala erabiliko dira Egoitza Elektronikoan (https://www.irun.org/eu/egoitza), baita HAZen, Katean eta Anakan dauden udal autozerbitzuko terminaletan ere, eta Palmera Montero Gunean, Alhondiga Belaskoenean eta San Migeleko Helduentzako eremu sozialean.

Izena ematek azken eguna martxoaren 13a izango da, 14:00etan. Udalak argitu du, haurraren datuak eman beharko direla: izen-abizenak, helbidea, ikastetxea, ikasketak egiten ari den zikloa eta harremanetarako guraso edo tutorearen telefonoa eta posta elektroniko helbidea.

Aurreizenemateak egin eta gero, martxoaren 30ean plazaratuko dituzte onartu eta onartu ez dituzten behin-behineko zerrendak, eta apirilaren 15a izango da erreklamazioak aurkezteko azken eguna. Behin betiko zerrendak, aldiz, apirilaren 22an argitaratuko dituzte, eta apirilaren 13an 10:00etan zozkatuko dituzte izen ematea egiteko hitzorduak. Egun horretan bertan, zozketaren emaitzak 15:00etatik aurrera ikusgai jarriko dira Irungo Udal Atarian.

Aurreko urtean bezala, zozketan esleitutako hitzorduen hurrenkeran egingo dira inskripzioak, apirilaren 27tik maiatzaren 8ra bitarte. Zozketa horrek erabakiko du nork duen lehen hitzordua, eta ondorengo hurrenkera errespetatuz, ikastetxeetan eskainitako plazak aukeratzen joango dira interesdunak plazak bete arte.

Dena den, edozein zalantza edo galdera izanez gero, informazioa eta argibideak Euskara zerbitzuan eska daitezke irun@euskara.org helbide elektronikora idatziz eta 943 50 51 52 zenbakira deituz.