Irungo haur-parkeetan euskaraz jolasteko dinamika bueltan da martxoan

Koldo Nausia 2026ko martxoaren 3a

Asteazkenetan eta ostiraletan, adinaren araberako jolas-dinamikak proposatuko dituzte Hezten elkarteko begiraleek 17:00etan (3-5 urtekoentzat) eta 18:00etan (6-9 urtekoentzat). Nagore Laffage, Oinaurre eta Olaketa parkeetan ez ezik, aurtengo programan Landetxa-Katea auzoan ere antolatuko dituzte saioak, Arbiun plazatxoan. 

Azken urteetan haurrak aisialdi denboran euskaraz mintzarazteko programa eraginkorra dela erakutsi du Haurrak Parkean. Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatuta, hiriko kale eta parkeetan euskararen erabilera handitzea helburu du, eta martxoan zehar, 3 eta 9 urte bitarteko umeei zuzendutako jolas dinamikak proposatuko dituzte Nagore Laffage, Oinaurre eta Olaketa parkeetan. Gainera, aurtengo programan Landetxa-Katea auzoko Arbiun plazatxoan ere antolatuko dute.

Hezten elkarteko hezitzaileek adinaren araberako bi taldetan dinamizatutako ekimena da honakoa. Batetik, 3 eta 5 urte arteko haurrek Zabu-Zibu taldea osatzen dute, eta bestetik, 6 eta 9 urte arteko haurrek Txirrintxon izenekoa. Txikienen taldearentzat joko-saioa 17:00etan egiten dute, eta 18:00etan koxkorrena. Txikienen kasuan gurasoek ere parte har dezakete, helburua familia osoa euskaraz aritzeko kalitatezko denbora gozatzea baita.

Martxoko asteazkenetan eta ostiraletan izango dira saioak. Martxoaren 4, 11, 18 eta 25ean Nagore Laffage parkean (euria eginez gero, Toki Alai HHko patio estalian, Arbes) eta Oinaurreko parkean (euria eginez gero, bertako aterpean). Ostiraleko saioak, berriz, Olaketako parkean eta Landetxa-Kateako Arbiun plazatxoan izango dira, martxoaren 6, 13 eta 27an.

Udalak iragarri duenez, aurten hiru txanda proposatuko dituzte. Oraingoaz gain, 'Haurrak Parkean' maiatzean eta urrian ere egingo baita.