Diskurtso arrazistei aurre egiteko «tolerantzia eta errespetuaren kultura» sustatu nahi du Irungo Udalak

Antxeta Irratia 2026ko martxoaren 5a

Gizarte Zerbitzuen arloak SOS Arrazakeria elkartearekin lankidetzan, migratzaileen errealitatea hobeto ulertzeko hiru dokumental proiektatuko dituzte Palmera Montero gunean, martxoaren 6an eta 18an. Eta tartean, martxoaren 11n, haurrei zuzendutako 'Zure etxea nire etxea da' ipuin kontalaria antolatu dute. Irungo biztanleen %17 atzerriko jatorria duela gogoratu du Josu Iguiñizek, Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, eta «oker gabiltza migrazioa mehatxu bezala hartzen badugu, migranteak behar ditugulako eta gure gizartea hobetzeko aukera delako».

Martxoaren 21a Arraza Diskriminazioa Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko arloak jendartea sentsibilizatzeko eta hausnartzeko hiru hitzordu antolatu ditu. SOS Arrazakeria elkartearekin lankidetzan, euskaraz eta gaztelaniaz dokumental bana proiektatuko dute zinema-debate formatuan, ondoren mahai-inguru bat eginez.
 
Hitzordu guztiak Palmera Montero guneko 2. aretoan egingo dira. Aurrenekoa, martxoaren 6an izango da, 17:30ean, SOS Arrazakeriak proposatutako bi dokumentalekin, 'Las Voces Invisibles' eta 'Chica seria y responsable'. Martxoaren 18an, berriz, 'Sustraiak' dokumentala emango dute 18:30ean, eta ondoren Luis Arrieta zuzendariarekin solasaldi batekin itxiko dute. Bestalde, martxoaren 11n (17:00etan) 5 urtetik gorako haurrei zuzendutako 'Zure etxea nire etxea da' liburuaren ipuin kontalaria eskainiko du Maite Frankok.
 
Josu Iguiñiz, Gizarte Zerbitzuetako udal ordezkariak aditzera eman duenez, egitarauaren bidez, tolerantziaren, berdintasunaren eta errespetuaren aldeko kultura sustatu nahi dute. «Migratzaileen kontrako gorrotoa eta diskriminazioa bistaratu nahi dugu, tamalez, diskurtso arrazistek gora egin dute azkenaldian, eta Irungo Udalak ez du inolako atzerapausorik emango», argitu du.
 
Alde horretatik, Irungo biztanleen %17 inguru atzerriko jatorria duela oroitarazi du udal ordezkariak, baita Europako iparralderako bidean trantsituko migratzaileen pasagune nabarmena dela ere. «Datozen urteetan migrazioa izango dugu Europako herrialdeetako erakunde publikoetan erronka nagusietako bat, eta erronka etikoa», azaldu du Iguiñizek, «oker gabiltza migrazioa mehatxu edo arazo bezala hartzen badugu, migranteak behar ditugu eta gure gizartea hobetzeko aukera da». Ordezkari jeltzaleak gogoratu duenez, gure eskualdea migratzaileen helmuga eta pasabide ere bada, eta gogoan hartu beharko genuke bere ustez, «askotan bizi duten egoerak behartuta gehien maite dutena atzean utzi eta etorkizun hobe baten bila ezagutzen ez duten herri baterantz, hau da, migratzea daukate aukera bakarra».