Irungo kirolarien lorpenak goraipatzeko urteroko ekitaldia martxoaren 16an ospatuko dute

Paola Oskoz 2026ko martxoaren 6a

Irungo Udalak urtero antolatzen duen Irungo Kirol Gala prest dago dagoeneko, baita bertan sarituak izango diren hautagaien zerrenda ere. Emakumezko eta gizonezko kirolari onenen saria, klub onenarena eta irundarrek martxoaren 15a arte bozka dezaketen Irundarron Saria berezia banatuko dituzte. Ekitaldia Ficoban ospatuko dute martxoaren 16an, eta Zuhaitz Gurrutxagak egingo ditu aurkezle lanak. 

Irunek bere kirolarien eta kluben arrakastak ospatzeko hitzordu nagusia prest du dagoeneko. Borja Olazabal Kiroletako ordezkariak atzo goizean aurkeztu zuen Irungo Kirol Gala, hiriko kirol munduaren dedikazioa eta 2025ean lortutako garaipenak aitortzeko helburua duen ekitaldia. Hitzordua martxoaren 16an izanen da, 19:30ean, Ficoba erakustazokako auditoriumean.

Betiko moduan, hainbat kategoria sarituko dira udalak urtero antolatzen duen ekitaldi honetan: emakumezko eta gizonezko kirolari onenak, klub onena eta herritarrek hautatutako “Irundarron Saria”. Olazabalen hitzetan, gala honek kirolarien lan aparta nabarmentzeaz gain, begirada zabalagoa du. «Epaileen, kirol-psikologoen eta beste hainbat profesionalen lana ere aintzatesten dugu, kirolari egiten dioten ekarpena funtsezkoa baita», adierazi du zinegotziak. 

Umorea eta futbola oholtzan Aurtengo ekitaldiak

Luxuzko aurkezlea izango du ekitaldian. Izan ere, Zuhaitz Gurrutxaga Realeko jokalari ohi eta bakarrizketariak egingo ditu gidari lanak, eta bere bizipen pertsonaletan eta eliteko futbolaria zeneko garaietan oinarritutako bakarrizketa saioa eskainiko du, ekitaldiari ukitu dibertigarri eta hurbila emanez.

Bestalde, Txokolatezko Baloia galaren unerik hunkigarrienetakoa izango da berriz. Ohorezko sari honek Irungo kirolean ibilbide luzea eta eredugarria izan duten pertsonak omentzen ditu. Aurreko edizioetan izen handiko kirolariek jaso dute garaikur hau: 2022an Leire Landa futbolariak, 2023. urtean Leontxo Garcia xakearen zabalpenarengatik, 2024. Alberto “Bixio” Gorriz futbolariak, eta iaz Juanma Garate txirrindulariak. “Irundarron Saria”, aldiz, herritarren esku dago. Martxoaren 5etik 15era, herritarrek euren kirolari edo klub gogokoena bozkatzeko aukera dute.

Bozketa Irungo Udalaren webgunearen bidez egin behar da, Irun Txartela erabiliz. Hautagaien zerrenda luzea eta anitza da, hiriko kirol osasuna islatzen duena. Banakako kirolarien artean, Alaine Aguerralde, Alba Rodriguez, Asier Iguiñiz, Asier Landart, Delia Medices, Eki Fanlo, Esther Aristieta, Haimar Etxeberria, Imanol Gil, Nerea Garcia, Oier Diaz, Paula Santamaria, Paula Vicente, Sergio Francisco, Unai Amiano eta Unai Barreto izan dira izendatuak. Taldeka edo bikoteka berriz, Bidasoa Atletiko Taldea, CD Bidasoa, Leire Navaridas eta Jone Laguardia, Mariño – Real Union, Santiagotarrak, Sugetrebeak Volley Kluba eta Real Uniongo Beteranoak izan dira sariak jasotzeko izendatuak.