Ficoba erakustazokak inoizko bisitari kopururik handiena lortu zuen 2025ean. Orotara 191.000 lagun pasatu ziren bertan antolatutako 270 ekitaldietatik. 2024an baino %31 bisitari gehiago jaso zituzten bitartean, azoka kopuruak %20 egin zuen gora, eta beraz, jarduera gehiago, eta haietan erabiltzaile gehiago erakartzea lortu dutelako kontent azaldu da Ander Sarratea. Ficobako zuzendariak aditzera eman duenez, iaz 336 egunez erabili da erakustazokaren espazioren bat. «Normalean azoka handiak nabarmentzen ditugu, baina esan beharra dago jarduera txiki asko ere jasotzen ditugula, enpresen bilera txikiak eta horrelakoak ere», argitzen du.
Nolanahi ere, gunearen hiru pabiloiak azoka handietarako ez ezik, kontzertuak edota azterketa publikoak antolatzeko ere erabiltzen dituzte. Eta beraz, hazkundea azken urteetan bilatu duten eskaintza dibertsifikazioari esker lortu dutelakoan dago. «Ez dira bakarrik azokak, oreka bat bilatu behar dugu, ekitaldi ezberdinak, sektore anitz ukituz eta bisitari mota ugari erakartzeko», dio Sarrateak, «horri esker hanka batek huts egiten badu, ez du urteko emaitzan hainbeste eragiten».
Alde horretatik, COVID-19 pandemiak erakustazoken sektorea nabarmen hunkitu bazuen, azken bost urteetan hazkundea iraunkorra izan da Ficoban. Eta krisia atzean utzita, proiektu egonkortu egin dela azpimarratzen du. Izan ere, Ficobak 2,22 milioi euroko irabaziak lortu zituen iaz. Baina kudeaketa eredu horrek Bidasoaldean izan duen eragin ekonomikoa 44,6 milioi eurokoa izan dela ondorioztatu dute. Eta beraz, eskualdeko ekonomiaren traktore ere bilakatu da nolabait. «Guk esaten dugu gure aktibitatea iceberg bat bezalako dela, bizpahiru eguneko azoka batek adibidez, bi asteko muntaketa eskatzen du, eta hor ehunka pertsonek eta enpresek parte hartzen dute», azaldu digu. Dioenez, 2025ean Ficobaren inguruan 215 lanpostu mantentzen lagundu du erakustazokak, «gainera, enpresak gure ingurukoak dira beti».
Bestalde, iaz 700 erakusketari baino gehiagok parte hartu zuten antolatutako 15 azoketan. Eta horrek, zeharka eragiten du eskualdeko ekonomian. «Postu bat jartzen duten gehienak kanpokoak direnez, hotelak, otorduak, garraioa, logistika... behar dute, Ficobak duen jarduerak inguruko negozioetan eragin du», dio Sarrateak, «eta hori ere bilatzen dugu, turismoaren urteko garai apalenetan, negozio asko mantentzeko laguntza ekartzen dugu».
2026an garatzen jarraitzeko beharra
Joan den urteko 191.000 bisitariak lortzeko, hainbat jarduera funtsezkoak izan direla azpimarratzen du Ficobako zuzendariak. Bioterra Euskadiko Eko Azoka eta Be Veggie Euskadiko jaialdi beganoaz gain, Ababor Euskadiko azoka nautikoa, Unire soldaduraren eta teknologien azoka profesionala, Gureak erakundearen 50. urteurrena, edota Eusko Skills lanbide heziketako olinpiadek pisu handia izan dute, milaka lagun ekarri dituztelako. Baina Burger Fest izan da, beharbada denen artean arrakastatsuena. Iaz bitan ospatu zuten (2026ko urtarrilean egin zuten hirugarrena), eta 30.000 bisitari baino gehiago bildu zituen.
Sarratearen ustez, «mainstream jarduera asko erakarri dugu, eta kultura, gastronomia eta ohiko azoka eskaintza uztartuz lortu da arrakasta». 2026ari begira, berriz, hazten jarraitzeko asmoa adierazi du Sarrateak. Urtero %31 bisitari gehiago lortzea nekez lor daitekeen zifra da, baina azoka handien bitartez emaitzak hobetu daitezkeela uste du. Izan ere, iazko 15 azoka handiak, pandemia aurretik antolatzen zituzten 21 azoketatik urrun dago oraindik. Eta beraz, hobekuntza tartea ikusten du.
Horretarako, azken urteetan bezala, Ficobak bere burua berrasmatzen jarraitu beharko duela dio Sarrateak, eta dibertsifikatu. Publiko osoarentzako ekitaldiak eta arlo profesionaleko azokak uztartuz. Alde horretatik, 2026 honetarako Expotaku itzuliko da Ficobara, anime, cosplay eta gaming ekitaldia. Europa hegoaldeko mugikortasun jasangarriaren industriaren azoka profesionala MUBIL Mobility Exporen bosgarren edizioa ere jasoko du. Eta klima aldaketari eta kostaldeari buruzko UHINAK kongresuaren zazpigarren edizioa izango da udazkenean. Dagoeneko 44 azoka eta ekitaldi handi hitzartuak dituzte dagoeneko. Hurrengoa, asteburu honetan bertan izango da, martxoaren 6tik 8ra, Caravantur (Caravaning, Camper eta Furgoneten azoka).