Irungo Udalak hiriguneko platanondoen kimaketa kanpaina abiatu zuen joan den astean Zabaltza plazan. Eta egunotan Urdanibia plazan, Junkal plazan, Ermita eta Santiago kaleetan ere egingo dituzte inausketa lanak. Hirian 15.000 zuhaitz inguru daude, eta horietatik 1.729 platanondoak dira, ororen %11 inguru. Urtero kimaketa lanak eskatzen dituen espeziea da, eta Gorka Alvarez, Obra eta Mantenurako udal ordezkariak aitortu duenez, inausketa lanak hasteko ezohiko garaia bada ere, Tecnatura enpresarekin kontratua berritu ondoren hasi dira, eta ez lehenago. Hala ere, kimaketak neguan, geldialdi begetatiboan egin ohi direla, eta zuhaitzek hosto berrien kimuak sortu orduko lanak geldituko dituztela argitu dute.
Bistan denez, arazo tekniko eta juridikoak izan dituzte kontratua esleitu ahal izateko. Alvarezek gogoratu duenez, 2014an Irungo Udalak Zuhaitzak Kudeatzeko Plana egin zuen, «hiriko zuhaitzen egoera aztertu, ebaluatu, baloratzeko eta haien kudeaketa optimizatzeko». Eta 2017an hiriko zuhaitzak mantentzeko, zaintzeko eta hobetzeko kontratua abian jarri zuten. «Aurten, beharrak areagotu direnez, aurrekontua 550.000 eurotan handitu da», azpimarratu du zinegotzi jeltzaleak.

Ohiko kimaketa lanekin batera, hirian oztopatzen duten zuhaitzetan segurtasuneko inausketak ere egiten dituzte urtero, baita zuhaitzak egituratzeko inausketak ere. Alde horretatik, urtean 1.800 bat zuhaitzen gainean esku hartzen dutela aditzera eman dute. Gorka Alvarezek zuhaitzak mantentzearen garrantzia azpimarratu du, eta herritarrei hauek errespetatzea eskatu die. «Zuhaitzekin batera bizitzen ikasi behar dugu, eskaintzen dizkiguten onurak eragozpenak baino askoz handiagoak baitira, ezinbestekoak dira hirian», nabarmendu du.
Zuhaitz landaketak eta ordezkapenak
Bestalde, Irungo Udalak aurtengo kontratuan 25.000 euroko partida bat (BEZa barne) zuhaitz berriak erosi eta landaketak egiteko bideratu duela gaineratu du Alvarezek. «Zuhaitzak izaki bizidunak dira eta haien bilakaeran gaixotu eta zahartzen dira, eta segurtasun arrazoiengatik kendu ohi direnak beti ordezkatzen ditugu, kentzen den bakoitzeko beste bat, edo zuhaitza handia bazen bi txiki landatzen ditugu», azaldu du zinegotziak.
Azalpen hauek ez datoz bat Tecnatura enpresarekin adostutako kontratuak aurreikusten dituen lanekin. Izan ere, Antxeta Irratiak, kontratu berria aztertu ahal izan du, eta bertan adierazten dutenez, hirigunean tamaina ezberdinetako 139 zuhaitz landatzeko aurreikuspena duten bitartean, hirigunean bertan 146 kentzeko kudeaketa gastuak aurreikusi dituzte. Hortaz gain, mendian, udal jabetzako pista eta eremu publikoetan beste 42 zuhaitz kenduko dituzte kontratuaren arabera. Hortaz, guztira, 7 zuhaitz gutxiago lirateke hirigunean, eta 49ko galera Irungo udalerri osoan aurreikusitakoa.
Artiako ezkiak Dario de Regoyos kalean
Zentzu horretan, Artiako Lagunak taldeak urtero zuhaitz landaketa programa bat landu eta helarazten dio udalari. Alazne Izulain, elkarteko kideak dioenez, hau kontuan hartu ohi du udalak. Aldiz, ez ditu hartutako konpromisoak betetzen. Batetik, 2020an udalbatzak aho batez onartu zuelako ezkiak babestea, eta oro har, hiriguneko zuhaitzak kontserbatzeko mozioa, edota hirian kentzen direnak ordezkatzeko mozioa. Honakoa, 53 eragilek eta 4.100 pertsonak sinatu zuten aurretik. Baina udalak hartutako konpromisoa ez dela betetzen ari leporatu izan diote, eta"Hemen Zuhaitz Bat Falta Da" kanpaina ere abian jarri zuten.
Bestetik, 2023 eta 2024ko Partaidetzazko Udal Aurrekontuetan zuhaitzen landaketak proposamen bozkatuenen artean izan ziren, eta Izulainek dioenez 90.000 euro horretara bideratzea onartu zen. «Beste 200.000 euro onartu ziren berdegune gehiago sortzeko ere, beraz diru arazoagatik ez da izango», kexu da.

Testuinguru honetan, urte hasierako haize bolada indartsuen ondorioz, Dario de Regoyos kaleko beste bi ezki moztu zituen udalak. Eta hau ere salatzen du Artiako Lagunak taldeak. 2019az geroztik halako 20 zuhaitz inguru kendu dituzte Azken Portu eta Behobia arteko lerrokada osoan. Joan den maiatzean ere, beste 5 ezki kendu zituen udalak «segurtasun arrazoiak» argudiatuz. Zuhaitzen babeserako taldearen arabera, «ezkiak traba egiten die, erakundeen benetako helburua hor errepidearen hirugarren errail bat egitea delako».
Haatik, oraingoan ere, Gorka Alvarezek azaldu du «herritarrentzako arriskutsuak diren zuhaitzak kendu eta ordezkatzen dituztela beti». Argitu duenez, Dario de Regoyos kaleko ezkien kasuan, «udalak zuhaitz guztien osasun azterketa sakona egin zuen banan-banan, eta bizilagunei txostena eman zitzaien», hortaz egoera zein den badakite bere ustez. Artiako Lagunak taldeak bere partetik, zuhaitz hauen tamaina kontuan hartuta, hauen jarraipena egin eta behar denboran kimaketak egitea eskatu izan du.