Urte bukaerarako 226 bideozaintza kamera kontrolatuko ditu Udaltzaingoak Irungo hirian

Koldo Nausia 2026ko martxoaren 11

Udalak 36 bideozaintza kamera berri instalatzeko tramitazioa abiatu du, 200.000 euro inguruko inbertsioarekin. Gaur egun halako kontrolik ez duten hiriko 18 espazio ezberdinetan ezarriko dituzte "kale-segurtasuna indartzeko" helburuarekin.

Irungo Udalak aditzera eman duenez, urtean zehar, aurrekontuetan iragarritako 36 bideozaintza kamera berriak pixkanaka instalatuko dituzte, eta lanak amaitutakoan Udaltzaingoak kudeatuko duen bideozaintza-sarea 226 dispositiboz osatua egongo da.

Cristina Laborda alkateak argitu duenez, zaintza sistema honi esker, "kale-segurtasunari eta trafikoari dagokion prebentzioa egiteko eta balizko gertakarien aurrean erantzun azkarra emateko gaitasuna" hobetuko dute. Era berean, "efektu disuasorioa" dutela nabarmentzen du alkateak, eta delitu baten aurrean Udaltzaingoak ez ezik, Ertzaintzak ere bideoz grabatutako irudiak eska ditzake ikerketak argitzeko. Izan ere, 2015ean udaltzain-etxeko grabazio eta bisualizazio sistema zentrala berritu zutenetik, irudiak zuzenean kontrolatzeaz gain, delitu zantzuen aurrean grabazioak ikerketarako ere erabil ditzakete.

Irunen aurreneko bideozaintza kamerak 2.000 urtean instalatu zituztenetik, sarea etengabe zabaltzen joan da Irungo Udala. Batik bat, aipatutako sistema zentrala berritu zutenetik. 2016tik aurrera urtero diru partidaren bat bideratu baitu berriak instalatzeko. Gaur halako 190 bideozaintza kamera daude hirian, eta horietatik 128 finkoak eta beste 62 mugikorrak diren bitartean, Irungo Udalak emandako datuen arabera, udal eraikinetan eta inguruetan daude gehienak (106), eta 84 kalean instalatuak daude.

2026 honetan martxan jarriko dituzten 36 kamera berriak, aldiz, Udal Aurrekontu Parte-hartzaileetan onartutako 200.000 euroko diru partida bati erantzunez jarriko dituzte. Labordak abenduan egindako aurtengo aurrekontu eta agiantzen agerraldian "segurtasuna udal gobernuaren lehentasuna" dela azpimarratu bazuen ere, herritarren kezka nagusietako bat dela aditzera eman zuen. Hartara, Udal Aurrekontu Parte-hartzaileak irundarren kezka nagusien termometro gisa uler badaiteke bederen, 2024tik agerian geratu da Udaltzaingoari baliabide gehiago eskaintzea edota bideozaintza kamera gehiago instalatzeko proposamenak bozkatuenen artean kokatu direla urtez urte.

2026 honetarako, hain justu, prozesuaren lehen fasetik irudikatu zen hori. Guztira 9.977 bozka jaso baitziren, eta bideozaintza kamera gehiago jartzea izan zen bozkatuena, 1.011 herritarren botoari esker, proposamen finalisten artean sailkatuz.