Udaltzaingoaren lana barrenetik ezagutzeko bisita egin dute Irungo Lehen Hezkuntzako hainbat ikasle taldek

Antxeta Irratia 2026ko martxoaren 13a

San Vicente de Paul, El Pilar, Irungo La Salle eta Belaskoeneako LH 4. mailako ikasleek Irungo Udaltzaingoaren egoitzara bisita egin dute, udaltzainen lana hurbiletik ezagutzeko. Prebentzioa, bide-segurtasuna, udal ordenantzak betearaztea, eta herritarrei eskaintzen dieten arreta lanari buruz informatu diete ordu eta laurden inguruko bisitan.

Udaberrian Bide Heziketako ohiko ikastaroetan parte hartuko dute Irungo eskola guztiek, klase teorikoak eskolan eta praktikoak Ibarlako Bide Heziketa Zentroan eginez. Azken urteetan, bizikletan segurtasunez ibiltzen ikasteko irteerak ere egiten dituzte Bide Hezkuntzako agenteek eta guraso boluntarioekin batera. 

Haatik, urteroko ikastaro plangintzarekin hasi aurretik, martxoko lehen bi asteetan Irungo hainbat ikastetxetako Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleek Irungo Udaltzaingoaren instalazioak bisitatu dituzte. Herritarren Segurtasuna eta Bizikidetza arloko Bide Hezkuntza sailak antolatutako jardueren barruan kokatu dituzte. Eta bisita hauen helburua ikasleei agenteen funtzioak zeintzuk diren ezagutzara ematea da. Prebentzioa, bide-segurtasuna, udal ordenantzak betearaztea, eta herritarrei eskaintzen dieten arreta lanari buruz informatu diete ordu eta laurden inguruko bisitan. 

Horretarako, Bide Hezkuntzako agenteek eta Larrialdietako teknikariak udaltzain-etxean ibilbidea proposatu diete, eta hainbat gune eta zerbitzu ezagutu dituzte. Hala nola, briefing/krisi eta aginte-postuaren gela, transmisioen zentrala, trafiko-biltegia, polizia-ziegak edo Udaltzaingoaren eta Babes Zibilaren ibilgailuen aparkalekua.