Mintzapraktika eskaera handiari erantzuteko euskara txukun dakiten bidelagunak bilatzen dituzte Irunen

Antxeta Irratia 2026ko martxoaren 13a

Ikasitako euskara presiorik gabe praktikatu nahi duten 95 lagun gehiagok izena eman dute aurtengo Mintzapraktika egitasmoan. Lehendik ere ari ziren 21 lagunekin batera, urtetan izandako ediziorik jendetsuena izango dela nabarmendu du Irungo Udalak. Hortaz, iaz baino sei bider Mintzapraktika talde gehiago osatuko dituztenez, euskara dakiten bidelagunak bilatzen dituzte Irunen mintzataldeak dinamizatzeko. Euskara Zerbitzuak irundar euskaltzaleei dei egin die egitasmoan parte har dezaten.

Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuak Mintzapraktika egitasmoari jarraipena eman eta indartzea erabaki du aurten. Eta Urtarrilean Taupa Mugimenduaren eskutik 'Klik euskarari' lelopean abiatutako kanpainak «izugarrizko erantzuna» izan duela azpimarratu du Josu Iguiñizek, Euskara udal ordezkariak. Izan ere, lehendik ere ari ziren 21 mintzalagunei 95 gehiago batu zaizkie aurtengo edizioan. Gainera, partaide berrien artean gazte asko animatu egin dela nabarmendu du zinegotzi jeltzaleak. 

Hiriko euskaltegi eta eragileekin harremanetan sartu ziren egitasmoaren berri emateko. Eta bistan denez, hirian euskara ikasten ari diren herritar askok dute, klasetik kanpo norbaitekin praktikatzeko beharra. Kanpainaren arrakastak, aldiz, behar berriak sorrarazi ditu. Hain justu, beraien denbora eta ezagutza eskaintzeko prest dauden bidelagunen beharra dago orain taldeak dinamizatzeko. «Mintzapraktika egin nahi dutenei laguntzeko bidelagunak ezinbestekoak baitira», gogoratzen dute Euskara Zerbitzutik. 

Martxoaren 11n Mintzapraktika egitasmoa aurkezteko bilera egin zuten Irun Factory gunean. 

Dagoeneko 15 talde astero elkartzen hasiak dira eta beste hiru hasiko dira datorren astean. Horietatik bost lehendik mintzapraktika egiteko elkartzen ziren, hain justu, lehendik ari ziren 20 lagun horiek osatutakoak. Horrela bada, aurten 116 lagun ariko dira Irunen euskaraz mintzapraktikak egiten, azken edizioan baino ia 95 gehiago. 

Egitasmoari abiada eman eta kide berriei aurkezteko helburuarekin, martxoaren 11n, asteazkenean, lehenbiziko bilera antolatu duen udalak Irun Factory gunean. Bertan elkartu ziren Irungo Udaleko Euskara ordezkaria Josu Iguiñiz, Mintzapraktika egitasmoko dinamizatzailea eta mintzapraktika egiteko izena eman duten hainbat herritar ere. Orain, aldiz, udalak bidelagun berriak animatu daitezen deialdia luzatu dute, «euskaraz aritu nahi duten herritarrei laguntzeko prest dauden euskaltzaleak behar» baitira. Horren arabera, talde berriak sortu eta martxan jarriko dituzte, bakoitzaren ordutegia eta euskara maila kontuan hartuta.