Sastrakak kentzen hasi dira San Migel-Anakan, 2030ean entregatuko dituzten etxebizitzei leku egiteko

Antxeta Irratia 2026ko martxoaren 20a

Urbanizazio lanak aste honetan hasi dira, eta Irungo Udalak iragarri duenez eremua 5 fasetan osatzen joango dira. Bertan eraikiko dituzten 1.285 etxebizitzetatik merkatu librekoak izango dira aurrenekoak eraikitzen. Eta babes publikoko 887 bizitokiak 2028tik 2030ra egingo dituzte. IRUNVIren bidez sustatutako babes ofizialeko etxebizitzak azkenak izango dira. Lanen lehen fase honetarako, behin-behineko aparkaleku bat jarriko dute Donostia kalean, kale horretan lanak hastean kenduko dituzten plazak konpentsatzeko.

San Migel-Anaka eremuko urbanizazio obrak aste honetan hasi dira. Lehenengo obra honetan, eremua pixkanaka eraldatu eta lurzorua prestatuko dute, etorkizunean etxebizitzak eta ekipamenduak garatu ahal izateko. Irungo Udalak aditzera eman duenez, IRUNVI (Irungo Etxebizitzarako Elkarte Publikoa) arduratzen da lanak koordinatzeaz. Eta lehen fase honetan, hasierako lanak sastrakak kentzea eta lurzorua prestatzea izango dira.

Zentzu horretan, Irungo Udalak jakinarazi du, Jaizkibel kalearen eta Julian Sanchez plazaren arteko oinezkoentzako bidearen ezkerreko adarra itxi egin dutela, baina egun irekita dagoen bidea mantenduko dute, lanek hala uzten duten bitartean. Era berean, behin-behineko aparkaleku bat jarriko dute Donostia kalean, egun dagoen aparkalekuaren atzean. Izan ere, udalak konpromiso bat hartu zuen auzokideekiko, kale horretan saneatze lanak hastean kenduko diren aparkalekuak konpentsatzeko.

Argitu dutenez, behin-behineko aparkaleku hori jarri eta Aste Santua ondoren, lehenengo saneamendu lanak martxan jarriko dituzte. Lan horien bidez, Lepanto kalea eta Zubimuxuko biribilgunea lotuko dituzte, beharrezkoa baita etorkizunean urbanizazioa garatzeko. 

Bestalde, datozen hilabeteetan, Leka Enea ikastetxeko atzealdea beteko dute, eta ekainean, ikastetxearen jarduerak amaitu ondoren, atzeko jolastokiaren obrak eta aurreko aldearen saneamendua egingo dute, ikasturte berrirako amaitua egon dadin. Zehazki, honako lan hauek aurreikusi dituzte: egungo horma eraistea, zoladura berria egitea ikastetxearen atzealdeko patioan, eta ikastetxearen aurrealdeko saneamendu-obrak amaitzea, eskolako oporraldia amaitu aurretik (abuztu bukaera).

Urbanizazio lanak faseka

San Migel-Anaka eremuaren garapenak 1.285 etxebizitza eraikitzea ahalbidetuko du, horietatik 887 babes publikokoak. Irungo Udalak, IRUNVIren bidez, 147 etxebizitza sustatuko ditu, erosketa erregimenean. Gibenaka biribilgunearen eta Letxunborro etorbidearen artean kokatuko dituzte. Eta aurten bertan eraikitzea aurreikusten da, 2028an entregatzeko.

Nolanahi ere, eremua progresiboki urbanizatuko da, faseka. Irungo Udalak argitu duenez, lehen fase honetan Donostia kalean garatuko dira esku-hartze gehienak, eta 19-23 hilabete artean egitea aurreikusten dute. Aldi berean, bigarren fasea ere abian jarriko dute, 15-20 hilabete arteko epearekin. Fase horretan, San Migel eta Anaka auzoak lotuko dituen erdiko bidea egitea aurreikusten dute. Izan ere, ardatz berri horrek etorkizuneko merkataritza-eremua eta babes ofizialeko etxebizitzak aktibatzea ahalbidetuko du.

Hirugarren fasea, berriz, Anaka kalearen inguruan garatuko da. Bertan sustapen pribatuko etxebizitzak egiteko eremua urbanizatuko dute. Eraikitzen hasiko diren lehenengo sustapenak Anaka kaleko etxebizitza libreak izango baitira. Obra horiek apirilean hastea aurreikusten dute, baina modu mailakatuan garatzea espero da, 2028 eta 2030 artean.

Fase hau amaitutakoan, Eusko Jaurlaritzak VISESAren bitartez sustatuko dituen alokairu sozialeko babes ofizialeko etxebizitzen obrak hasiko dituzte. 2027an hastea aurreikusten da, 2029an amaitzeko, eta 2030ean giltzak entregatu ahal izateko. Bertan, Eusko Jaurlaritzak babes ofizialeko 447 etxebizitza garatuko ditu, alokairu erregimenean, VISESAren bidez. Eremua babes ofizialeko 293 etxebizitza gehigarrirekin osatuko da. Hauek Irungo Udalak sustatuko ditu IRUNVIren bidez, eta 2028tik aurrera eraikitzea aurreikusten dute, 2030ean entregatzeko.

Hau bosgarren eta azken faseari dagokio. Eremuko etxebizitza publiko gehienak eraikiko dituzte fase honetan. Irungo Udalak IRUNVIren bidez sustatutako babes ofizialeko etxebizitza berriekin. Fase horren bidez eremuaren urbanizazioa eta etxebizitzen garapena burutuko dute, eta 2030ean amaitzea aurreikusten dute.