Bi urtean behin Euskal Herria hankaz gora jartzen du Korrikak, eta herriz-herri marrazten du Euskal Herria. «Orduan sartzen ditugu euskararen mapan Atharratze edo Irun bezalako herriak», gogoratu zuen Irungo Korrika Eguneko ekitaldian Maddi Sanz Bidasoko Korrika arduradunak. Eta Korrika eskualdera heltzeko ordu gutxi batzuk besterik falta ez zirela, egun osoko festa egin zuten irundarrek euskararen alde. Auzoetatik abiatuta, dozena bat hitzordu antolatu zituzten auzo elkarteek goizeko 10:00etatik hasita, AEKrekin lankidetzan, eta ondoren hiru zutabetan erdigunean elkartu ziren auzoko lekuko eramaile eta guzti.
Izan ere, "Euskara Gara" dio aurtengo Korrikaren leloak, eta auzo elkarteen ustez, horrek «identitateari buruz hausnartzera behartzen gaitu, nor garen, zerk egiten gaituen herri, auzo, komunitate...» aldarrikatu zuen irakurritako manifestuan, Mikel Valerok, Larreaundi-Olaberria auzo elkarteko kideak. Martxoaren 21a Arrazakeriaren Kontra Eguna zela probestu zuten ere gogoratzeko, Irun ez dela identitate bakarreko hiria. «Muga, pasabidea, topalekua da, etorreraz osatutako hiria da Irun, munduko txoko desberdinetatik etorritakoek egina, anitza da gure jatorria eta anitza gure ahotsa», aldarrikatu zuten auzo elkarteek. Horregatik erantzun kolektiboak bilatzea garrantzitsua dela nabarmendu dute, eta horregatik egin dute auzoetatik Irun euskararen alde josteko ahalegina 24. Korrika honetan.
San Juan plazako ekitaldi nagusia amaituta, arratsaldean Urdanibia plaza inguruetan jarraitu zuen jaia, berandu arte, 22:00etan Burrunba Txaranga ibili baitzen gaua girotzen. Baina Irungo Korrika Eguna ospatu eta aldarrikatu bazuten, irundarrak euskararen aurkako oldarraldiari aurre egiteko prest daudela adierazi zuten ere. AEKk eta auzo elkarteek adostutako testuan azaldu zutenez, Korrikak hunkidura eta «ximikoak kontzientzian, bihotzez bete aldarri» gaitu bi urtean behin, baina ondoan hizkuntzari mespretxu bat badago.
«Bertan behera utzitako hizkuntza eskakizun bat, euskara zer den erdaraz azaltzen diguten horiek ere badatoz, eta hori ere oldarraldia da, oldarraldia agerikoa da», salatu zuen Maddi Sanzek, euskarak babesa behar duela aldarrikatuz, «hizkuntz-politika ausartak behar ditu herri honek, erdaratik datozenei euskara eskura jartzeko. Euskarak ezin du arrakala izan, euskarak behar du denontzat aterpe eroso izan».
Korrikaren garra piztu da Irunen berriz. Eta aurki izango dugu 24. Korrika eskualdean. Ordu gutxi batzuk besterik ez dira falta. Martxoaren 24an 03:58tan Irunera sartuko da Gurutzetik, eta Landetxa, Arbes eta Behobia auzoetatik Bortzirietara joko duen bitartean, martxoaren 25ean Urruñara sartuko da 03:49ean, Hendaia (04:46), Irungo erdigunea (04:57) eta Hondarribiko itzulia (05:17) eginez Gaintxurizketa ere igo beharko dute eskualdeko azken lekukoek
Martxoaren 24an, lehen zatia
Martxoaren 24ean, goizeko 03:58tan sartuko da Gurutzetik Iruna Korrika, Oiartzunen barrena ibili ondotik. Eta Landetxa, Arbes eta Behobia auzoetatik pasa ondoren, Bidasoa auzotik Endarlatzara helduko da 05:41ean, Berarako bidea hartuz.
Martxoaren 25ean, bigarren txanpa
Dunboa-Santiago eta Behobia-Artiako auzokideek Nafarroa hiribidean bat egin zuten.
Familia ugari Larreaundi-Olaberria eta Elitxu auzo elkarteek antolatutako tailerretan.