Eusko Jaurlaritzak Irungo hidrodukto proiektuaren bideragarritasun azterketa enkargatu du

Koldo Nausia 2026ko martxoaren 24a

Deskarbonizazioa sustatzeko estrategia energetikoen baitan, hidrogeno berdearen ekoizpena eta eskaera nahikoa aurreikusten ote den aztertuko dute Team ingeniaritza enpresak eta Tecnaliak. Etorkizun batean Frantziako sarearekin gas jasangarriaren harremana bideratzeko azpiegituraren beharra argitu nahi du Eusko Jaurlaritzak.

Testuinguru horretan, Irun estrategikoa da gaur egun ohiko gasaren garraioan. Mugako herrian (Aldabe mendia eta Behobian gaindi) Enagas enpresak duen gasoduktu-sarea Frantziako Lussagnet herrian Teréga enpresak kudeatzen duen sarearekin lotzen da. Eta Ukrainako okupazioaren ondoren emandako krisi energetikoaren ondorioz, 2022an sarearen gaitasuna batean handitzeko hobekuntzak egin zituzten Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak eta Europar Batasunak diruz lagunduta. Zehazki, 100 gigavatio orduko (GWh) egunean garraiatu ditzake gaur egun, lehengo 60en aldean.

Sare hau, Irungoa, Muskiz-Arrigorriaga-Haro euskal gasoduktuaren abiapuntu da, eta Nafarroa zeharkatzen duen Larraunekoarekin batera, Iberiar Penintsulak Europarekin duen nazioarteko lotura bakarrak dira. Gainerako gasa Bilboko portuaren bidez mugitzen baita Hego Euskal Herrian.

Hidrogeno berdearen apustua

Erakunde publikoek aurreikusten dutenez, etorkizun batean, ardatz nagusi horri paralelo eraikiko lukete hidrogeno berdea bideratzeko balizko sarea. Irun euskal ardatz horren Frantziarako irteera puntua izango bailitzake, iparralderantz, gas jasangarri honen fluxua emendatzeko helburua duen H2Med europar proiektuaren baitan.

Iberiar Penintsula (Espainia eta Portugal) Frantzia eta Alemaniarekin 2032 urterako lotu nahi dituen proiektu transeuropear honek kritikak jaso ditu, 2.500 milioi euroko inbertsioa aurreikusten duen heinean, beharrezkoa ote den zalantzan jarri izan delako. Urtean 2 milioi tona hidrogeno berde garraiatu nahiko lukete, eta ardatz nagusiak Portugal eta Espainia arteko Celorico-Zamora (270 kilometroko hidroduktoa) eta Bartzelona-Marseilla itsas-azpiko lotura badira ere, bigarren mailako ardatzak eraikitzea aztertzen ari dira proiektuan parte hartzen duten operadorea energetiko ezberdinek, Enagas (Espainia), REN (Portugal), GRTgaz eta Teréga (Frantzia) eta OGE (Alemania).

Nolanahi ere, horrelako hidrodukto batek eskatuko duen inbertsioa kontuan hartuta, hidrogeno berdearen erabilera industrian eta garraioan nabarmen handitzeak baizik ez luke justifikatuko. Eta horretan ari da Eusko Jaurlaritza orain, enkargatu duen azterketarekin proiektuaren beharra eta bideragarritasuna argitu nahian.