Euskarari lehen besarkada besterik ez da izan aurtengo Korrikan. Baina ordu eta erdiz Gurutze, Landetxa, Oinaurre, Elitxu, Larreaundi, Arbes, Behobia eta Bidasoa auzoak zeharkatu ditu 24. Korrikak Irunen, eta desordutan bada ere, goizean goiz ilusio biziz jaiki eta, euskararen alde hankak astinduz, bihotzak aldarriz betetzeko egunsenti ederra izan du Irungo hiriak. Animatu diren guztiek, ondoren gosaldu eta lanera, edo ikastetxera joango dira. Ohikoa baino gutxiago lo eginda, eta nekatuagoak beharbada. Baina Korrikak bakarrik eragiten dakien zirrarak auspotuta.
Gaur Landetxa eta Larreaundi-Olaberria auzo elkarteak, Elatzeta, Toki Alai, Eguzkitza, Belaskoenea eta Dunboa ikastetxeak, eta Bidasoa zein Plaiaundi Lanbide Heziketako institutuek eraman dute lekukoa. Baita C.D. Bidasoa, Bidasoako EKT, BDS Koopek, Kemen dantza taldeak edota Argitrans zein CAF edota Laboral Kutxako langileek ere. Irungo EH Bildu eta EAJko ordezkariek ere hartu eta eman diote lekukoa elkarri Faisai Uhartearen parean.
Eta bihar, bigarren txanpa izango da. Urruñan eta Hendaian ibili ondotik, Irundik pasaia azkar bat eginen baitu Korrikak martxoaren 25eko goizaldean, lehen aldiz pasa eta 24 ordu ingurura. Lau kilometro izanen dira, 05:06tan Santiago zubitik sartu, eta Dunboa-Santiago auzoa gurutzatu ondoren, Nafarroa hiribidea, Colon pasealekua eta Hondarribia kalea zeharkatuko du, Mendelun Hondarribira sartu aitzin. Hondarribian auzo gehienak gurutzaturik, Irunera itzuliko da 50 minutu geroago, azken agurra emateko. Letxunborron barrena Gaintxurizketara joango baita Txingudi Ikastolako hezkuntza komunitatearen eskutik, eta 06:40tan Oarso eskualdeko lagunei itzuliko diegu, gaur goizean goiz Oiartzungo bizilagunengandik jasotako lekukoa.

Larreaundi-Olaberria auzo elkarteak multzo polita bildu du goizeko 4:30tan.

Elatzeta ikastetxeko irakasleek auzoko Andrearriaga kalean hartu dute lekukoa.

Moskuko Euskaldunak (Sortu, Ernai eta Loratzen elkartea) Larreaundin lekukoaren esperoan.

Toki Alai ikastetxeak Arbesen hartu du bere lekukoa, eta Dunboa eskolari eman dio.





Irungo EH Bilduren lekukoa Azken Portutik Behobiara.
