Euskal Herriko eta Errioxako 300 haur bilduko ditu Biok Experiential Shopping Txingudi Badia errugbi eskolen topaketak

Antxeta Irratia 2026ko apirilaren 7a

Datorren larunbatean, apirilak 11, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa, Bizkaia eta Errioxako 300 errugbilari baino gehiago elkartuko dira Plaiaundin eta Stadium Galen jokatuko den errugbi eskolen topaketan. Goizeko 10:00etan hasiko dira partidak, eta 10, 12 eta 14 urtez azpikoen txanda amaitutakoan, bi partida gehiago gozatu ahal izango dira Plaiaundin, Txingudi/Baztan/Orereta taldeak Getxoren aurka jokatuko duen Euskadiko Ligakoa 15:00etan, eta ondoren Zaisa Txingudiren lagunartekoa.

Txingudi Rugby Klubak Biok Experiential Shopping Txingudi Badia errugbi eskolen topaketaren laugarren edizioa antolatu du apirilaren 11n. Datorren larunbatean, Lapurdi, Nafarroa, Bizkaia, Errioxa eta Gipuzkoako 300 errugbilari baino gehiago elkartuko ditu ekimen honek. Partidak 10:00etan hasiko dira, eta egun osoan zehar adin ezberdinetako errugbi eskoletako haurren artekoak jokatuko dituzte. Antolakuntzak argitu duenez, 10 urtez azpikoen partidak Stadium Galeko belar artifizialeko zelai anexoan jokatuko dituzten bitartean, 12 eta 14 urtez azpikoen mailakoak Plaiaundin antolatuko dituzte.

Topaketa honetan, Euskal Herriko eta Errioxako hainbat taldek parte hartuko dute. Txingudi Errubgi Klubaz gain, Orereta, Rioja, Donibane Lohizuneko Olympique, Biarritz Olympique, Universitario Bilbao, Baztan Menditarrak, Emak Hor Arrangoitze-Basusarri, Larresoroko Inthalatz, Sarako Izarra, Senpereko Union eta Gipuzkoako selekzioak arituko dira.

Baina txikien topaketa behin amaitutakoan errugbiak ez du etenik izango Plaiaundin. Izan ere, 15:00etan 16 urtez azpikoen Txingudi/Baztan/Orereta taldeak Getxo jasoko du Euskadiko Ligako 11. jardunaldian. Plaiaundikoak seigarren sailkatuak daude 24 punturekin, eta kanporaketara sarbidea ematen dien laugarren postutik 8 puntura baino ez dauden bitartean, aurkaria txapelketako talderik indartsuenetakoa da, 36 puntu bildu baititu eta hirugarrena da une honetan.

Ondoren, 17:00etan, Zaisa Txingudiren txanda izango da, Sortzen C taldearen aurka arituko baita lagunarteko partidan. Zaisa Txingudik dagoeneko lehiaketa amaitu du, eta denboraldia amaitu bitartean lagunartekoak baizik ez ditu jokatuko.