Irungo kaleei izena jartzen dien batzordeak, hiriko hainbat eremuri izen berria jartzea erabaki du bere azken bileran. Hiru espazio eta hiru izen proposatu dituzte, bakoitzak bere justifikazioarekin. Batetik, deportazioaren memoriarako espazio bat sortzeko eskaera onartu dute. Lekua ez dute oraindik zehaztu, baina Euskal Deportatuen Plaza (1940-1945)’ izenekoa, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Eskubideen Institutuaren (GOGORA) proposamena da, eta hiriko memoria elkarteen ekimenez, nazien esparruetatik askatu zirenetik 80 urte bete direla eta, 250 euskaldun baino gehiago igaro zirela kontuan hartu nahi du espazio horrek.
Bigarren espazioa Fermin Calbeton eta Beraketa kaleen artean dagoen parkea da, zedro historikoa mantenduz sortu zutena. Horren harira, batzordeak Josefina Urtizberea izenaren proposamena jaso du, Luis Uranzu Kultur Taldeak eskatuta. Irungo emakume hau aitzindaria izan zen ekintzailetzaren munduan, eta ‘Viuda de A. Fernández e Hijo’ agentzia nazioarteko erreferentzia bihurtu zuen Europatik eta AEBtik datozen autoen inportazioen kudeaketan.
Azkenik, Oiasso Museoaren alboan dagoen plazatxoarentzat, terma erromatarren sarrera gisa sortu duten espazioarentzat, Jaime Rodriguez Salis (1926-2021) izena proposatu dute. 2012an Hiriko Urrezko Domina eskuratu zuen, baina hiriari egindako ekarpena aintzat hartuta, museoari lotutako espazio berria bere omenez izendatzea egoki ikusi dute. Izan ere, Arkeolan elkartearen sortzailea eta Oiasso Museoaren sustatzailea ez ezik, duela 2.000 urte Oiasso izan zenaren deskubrimendua egin zuen, aztarnategi arkeologiko ezberdinak aurkituz. 1967-1972 urteen artean Hondarribiko Higer lurmuturrean eta Irungo Santiago kaleko portu erromatarraren ikerketak, edota Ama Xantalengo I. mendeko nekropoliarena zuzendu zituen.
Aipatutako batzordeak proposamenak onartu ditu, baina Udal Osoko Bilkurak aztertu eta berretsi beharko ditu izendapenak.
Bestalde, Irungo Udalak aditzera eman duenez, kaleak izendatzeko lantaldea maiatzean batzartuko da berriz, San Migel-Anaka eta Korrokoitz eremuen hirigintza garapenetan sortuko diren espazio publiko berrien izendapenak aztertzeko.
Beraketa eta Fermin Calbeton kaleen arteko parkea, Josefina Urtizberea izendatzea proposatu dute.