Real Unioneko familia zabalari harrera egin dio Irungo Udalak igoera ospatzeko

Antxeta Irratia 2026ko apirilaren 8a

Joan den igandean 1. RFEF mailara igoera matematikoa lortu zuen talde txuribeltzak, liga amaitzeko lau jardunaldi falta direnean txapeldun izendatuz. Horrenbestez, bere lekua berreskuratu du klub irundarrak eta udal ordezkariek harrera egin zieten atzo. Iaz maila galdu ondoren, Ramses Gilek zuzendutako taldea nagusitasun handia erakutsi du, izan ere, jokatutako 30 jardunaldietan 19 garaipen eskuratu ditu. Horietatik 9 azken 10 jardunalditan, eta denboraldi osoan hiru norgehiagoka besterik ez ditu galdu.

Irungo Udalak Real Union Clubari harrera egin zion atzo arratsaldean, joan den igandean Naxara CD taldearen aurka 3 eta 0 irabazita, matematikoki liga irabazi eta 1. RFEF mailara igoera lortu eta gero. Urtebeteko penitentzia egin du talde txuribeltzak 2. Federazio mailan, baina nagusitasun handiz lortu du helburua, lehen urtean maila berreskuratzea.

Harrera ekitaldia Udaletxeko Areto Nagusian egin zuten, Cristina Laborda alkatea buru, baina udal korporazioko zinegotzi guztiek udaletxeko arkupeetan egin zieten harrera jokalariei, staff teknikoari eta zuzendaritza taldeari. Igor Emery, Real Unioneko presidentea da 2021ean Emery familiak klubaren jabetzarekin egin zenetik, eta igoera honek Aston Villa taldearekin 2023an izenpetutako hitzarmena bezala, kluba profesionalizatzeko prozesua eta proiektua bera sendotzen duela aitortu digu.

Denboraldi historikoa

Liga amaitzeko lau jardunaldi falta dira oraindik, eta liga irabazi badu ere, Ramses Gilen taldea lehiakor izan nahi du azken txanpa honetan. Heldu den asteburuan, adibidez, Ejearen etxean jokatuko dute, eta hiru puntuen bila joango dira. Izan ere, klubetik argitu digutenez, 2. Federazio maila galduko duten taldeen lehiak eragina izan dezake Real Union Roca bigarren taldearen etorkizunean. Une honetan, Gipuzkoako Ohorezko Erregional mailan lider da harrobiko taldea, bi puntuko aldearekin. Baina 3. Federazio mailan talde gipuzkoarren kupoaren arabera, plaza gehiago egon daitezke jokoan igoera horretan. Eta Real Unionen ligan Beasain taldea jaitsiera postuetan aurkitzen denez, Ejeari irabazteak talde beasaindarra lagunduko luke, eta bide batez, baita Real Union Rocari fabore egin ere.

Horiek horrela, lehen taldearen igoera ez ezik, harrobiko taldea 3. Federazio mailara igotzeko aukerarekin denboraldi historikoa osatu dezake klubak. Gogoratu beharra dago, hala ere, klubaren garai oparoenak aspaldi izan zirela. 1929an Espainiako Ligaren hamar sortzaileetariko bat izanik, lau Errege Kopa lortu zituen 1913, 1918, 1924 eta 1927 denboraldietan. Eta lehen mailan lau denboraldi egiteaz gain, hamar urtez zilarrezko mailan lehiatu da. Azkena, 2009/
2010 denboraldian. Orduz geroztik egindako balentriarik handiena, orain  1. REFEF mailara itzultzearekin batera beharbada, 2014/2015 denboraldian irabazitako Federazio Kopa izan zen. Hirugarren mailan, aldiz, (oraingo 2. Federazio maila) 40 denboraldi eman ditu guztira bere historian.