Irungo gazteen eskaera bati erantzunez, Udaleko Gazteria arloak eta Konekta zerbitzuak Konekta Sessions programari ekin zion joan den martxoaren 13an. Proiektu honen helburua Irungo eta Bidasoaldeko DJ gazteen talentua erakustea da. Eta Aitziber Arruabarrena, Konekta zerbitzuko begiraleak kontatu digunez, musikan hasi berriak diren gazteei bozgorailu bat eman nahi diete. Lehen etapa honetan, musika elektronikoan jarri dute arreta, baina aurrerago, beste estilo batzuk ere landuko dituzte, izan ere, hip-hop edo reggae estiloari ateak ireki nahi dizkiete.
Martxoaren 13an antolatu zuten aurreneko Konekta Session saioa, eta apirilaren 10 honetan izango da bigarrena Urdanibia plazan. LINE-UP Konekta Sessions #2 honetan, Landerm, Nea, Txouman eta J-303 & Soki ariko dira 17:30etan hasi eta 22:00ak arte. Udaletik azaldu dutenez, saioak grabatu egiten dituzte, eta YouTubera igoko dituzte, parte-hartzaileen baimenarekin.
DJ berriei espazioak eskaini eta Irunen musika elektronikoari leku egiteko ekimen hau, Udal Aurrekontu Parte-hartzaileen bidez diruztatu dute. Izan ere, joan den urtean Gazteen proposamenen artean bozkatuenetakoa izan zen. «Konekta zerbitzuan ere gazte dexente hurbildu zitzaizkigun iaz Irunen musika elektronikoa pintxatzeko espaziorik ote zegoen galdezka», azaldu digu Arruabarrenak, «musikaz gozatzeko lekuak badaude eskualdean, gaztetxeak, Psilocybe edo Mojambo sala bezalakoak, baina ongi dago udaletik horretarako plaza eskaintzea». Hartara, Konekta Sessions ekimenak eskualdeko DJ gazteei aukera emateko helburua ere badu.
Hain justu, ostiraleko bigarren saioaren ondotik, musika elektronikoaren etapa hau borobiltzeko Elektroplaza jaialdia ospatuko dute maiatzaren 23an. Formatu bertsua izango da, eta euskal elektronikaren esentzia jasotzeko, Irune Muguruza eta JOTA talentu gazteek parte hartuko duten bitartean, goi mailako musikariak ere programatu ditu Irungo Udaleko Gazteria arloak. Jaialdia borobiltzeko, house estilotik hasi eta technoraino, E.lina eta Dyed Soundorom izango dira kartelburuak, Eivissako house finenetik Berlingo klubetako techno kartsu eta biziraino. Udalak azpimarratu duenez, E.Lina Ukrainako underground eszenako diziplinarteko eskarmentu handiko artista bat da. Eta Dyed Soundorom, aldiz, Parisko underground eszenako ezinbesteko figura da, eta Apollonia kolektibo ospetsuko zutarria.
Gazteria arlotik iragarri dutenez, aurrerago ere, maiatzaren 29an, laugarren hitzordu bat antolatuko dute Bidasoaldeko DJ gazteei zuzenduta, eta bertan gutxienez ordu erdiko saio bat aurkezteko aukera emango diete 18 eta 30 urte arteko gazteei. Interesa dutenek Udalaren webgunean eman dezakete izena.