Irungo Bor-bor kolektiboak martxan du dagoeneko “Udaberriko eskola politikoaren 2. edizioa”, herritarren artean hausnarketa kritikoa eta eztabaida sustatzeko helburuz. Lehen saioak martxoan egin zituzten, euskararen egoera eta trantsizio ekosozialistaren erronkak hizpide hartuta.
Apiriletik ekainera bitartean, lau hitzaldi berri antolatu dituzte, gaur egungo borroka eta ikuspegi politiko ezberdinak jorratzeko. Apirilaren 16an, Txeffi Roccok emango du “Ez baikara anti-arrazista jaio, ekinak egingo gaitu” hitzaldia, euskaraz, Arbesko Toki Alai eskolan.
Maiatzaren 16an, berriz, “Askapen nazional eta soziala XXI. mendeko Europan: Herrialde Katalanetatik irakaspenak” izeneko saioa izango da Hazia elkartean. Mireia Vehí eta Anna Gabriel izango dira hizlariak, eta gaztelaniaz eskainiko dute hitzaldia.
Maiatzaren 28an, euskal transfeminismoari helduko diote Elene Lopetegi eta Iñi Etxezarretaren eskutik, Arbesko Toki Alai eskolan. Azkenik, ekainaren 6an, Lakaxita gaztetxean egingo den “Kultura kritikoa eta munduberrigintza” saioak itxiko du egitaraua, Arantza Santesteban eta Ramon Zabalegiren partaidetzarekin.
Saio guztiak arratsaldeko 18:00etan izango dira, eta herritar guztiei irekita daude, hausnarketa kolektiboa eta ezagutza partekatua sustatzeko asmoz.