Irungo Plaiaundiko Institutua 'eTwinning' proiektuan murgildu da Berlin eta Marburgoko ikastetxeekin lankidetzan

Antxeta Irratia 2026ko apirilaren 15a

Haur Hezkuntza zikloko ikasleak Berlineko OSZ Bürowirtschaft ikastetxearekin batera genero-identitatearen inguruko hausnarketa lantzen ari diren bitartean, Administrazio Kudeaketako zikloko ikasleak Kaufmännische Schulen der Universitätsstadt Marburg ikastetxearekin ari dira lanean, enpresa-postaren trukerako eredua garatzeko. Azken hauek bidaia egin zuten martxoan, Irunen Alemaniako ikasleak jasoaz lehenik, eta Marburgera bidaiatuz ondoren. Ikasleei testuinguru erreal batean lan egiteko, zeharkako konpetentziak garatzeko edota ingelesa praktikatzeko aukera eman die.

Plaiaundi LHIIk urrats berria eman du, ikasleek nazioarteko esperientzia errealak bizi ditzaten. Lankidetza, hizkuntza-gaitasunak eta kultura kontzientzia garatzea ez ezik, lan mundurako eta bizitzarako balio izango dien lankidetza abiatu dute Alemaniako bi ikastetxerekin, Berlin eta Margburg hirikoak. Zehazki, Plaiaundiko Administrazio Kudeaketako zikloko ikasleak Kaufmännische Schulen der Universitätsstadt Marburg ikastetxearekin ari dira lanean, enpresa-postaren trukerako eredua garatzeko. Bestetik, Haur Hezkuntza zikloko ikasleak genero-identitatearen inguruko hausnarketa lantzen ari dira Berlineko OSZ Bürowirtschaft ikastetxearekin batera.

Martxoaren 16tik 18ra bitartean, Alemaniako bi ikastetxeetako ikasle eta irakasle taldeak Plaiaundin izan ziren bisitan, esperientziak partekatuz eta elkarlanean jardunez. Ondoren, martxoaren 22tik 28ra, Plaiaundiko Administrazio Kudeaketako ikasle talde bat Marburgera joan zen, Ikaslanek emandako dirulaguntzari esker, proiektua bertatik bertara garatzeko. Hezkuntza zentrotik nabarmendu dutenez, esperientzia honek aukera eman die ikasleei testuinguru erreal batean lan egiteko eta, aldi berean, zeharkako konpetentziak garatzeko, hala nola talde-lana, ingelesa praktikatzeko, kultura-kontzientzia eta autonomia lantzeko. 

Maialen Lopez, Plaiaundiko zuzendari exekutiboaren hitzetan, «nazioarteko proiektu hauek funtsezkoak dira gure ikasleen prestakuntza aberasteko, mundu global batean beharrezkoak diren gaitasunak garatzeko eta Lanbide Heziketari balio erantsia emateko». Plaiaunditik oso balorazio positiboa egin dute proiektuaren inguruan, eta datorren ikasturtean lankidetza sendotzen eta proiektua sakontzen jarraitzeko asmoa agertu dute.