Santiagotarrak

Jone Otaño: «Esango nuke hemendik pasa direnei ez zaizkiela ahaztuko Bidasoan bizitutako uda horiek, ibaia deskubritzera animatzen zaituztet»

Koldo Nausia 2026ko apirilaren 17a

Santiagotarrak kirol elkarteak haurrentzako Uralekuak eta ur biziak, ur lasaiak edota arrauna probatu nahi dutenentzat 2 orduko udako ikastaroak ere antolatzen ditu uztailaren 6tik irailaren 4ra bitartean. Izena emateko epea ireki berri dutela, Jone Otañok aitortu digunez «uda garai aproposa da gaztetxoak ur-kiroletara hurbiltzeko». Haien ontziralekua Bidasoa ibaia deskubritzeko atea delakoan dago, eta esperientzia probatzera animatzen du, «20 minututan bakarrik zaude ibaiaren erdian, eskualdearen beste ikuspegi bat da, gozagarria».

Uda pentsa baino hurbilago dugula, ongi dakite gurasoek. Antolatu beharra dago, eta erakunde publikoetako udaleku eskaintza ezberdinetako plazak dagoeneko banatuak edo zozketa bidean dauden bitartean, gure eskualdean uda beste molde batez gozatzeko aukera ematen duten elkarteek proposamen interesgarriak egiten dituzte. Udako beroari aurre egin, kirola praktikatu eta esperientzia berriak euskaraz gozatzeko aukera ematen duen  Santiagotarrak arraun elkartea da horietariko bat.

Uztailaren 6tik irailaren 4ra arte, URALEKUAK antolatzen dituzte 2012 eta 2018 urteen artean jaiotakoentzat, 8:30etik 13:30era. Egunero bi ordu ematen dituzte uretan, eta gainerakoan txangoak, ginkanak eta jolasak proposatzen dizkiete txikiei. Jone Otaño, Santiagotarrak arraun elkarteko presidenteak gogoratu duenez, izena emateko epea ireki berri dute, eta maiatzaren 31 arte lekua erreserbatzen dutenek 10 euroko hobaria izango duten bitartean, udako gainerako ikastaroetan 5 euroko deskontua eskainiko dute. 

Uralekuez gain, ur biziak, ur lasaiak eta arrauna (aulki mugikorra) ezagutu nahi dutenentzat ere, 2 orduko ikastaroak proposatzen baitituzte. Arraunaren kasuan 2010-2016 urteetan jaiotakoentzat dira, eta 9:15ean, 11:15ean eta 15:15ean antolatzen dituzte. Beste bi ikastaroak 2012-2017 urtaldian jaiotako haurrei zuzendutakoak dira. Ur bizietan piraguan proba egin nahi dutenentzat, Bidasoa auzoko San Miguelgo instalazioetan 10:00etan eta 15:00etan antolatzen dute ikastaroa. Eta ur lasaietakoan, berriz, Santiagotarrak elkartearen egoitzatik Bidasoa ibaia zeharkatzeko aukera ematen dute hiru txanda ezberdinetan, 9:30, 11:30 eta 16:30ean. 

Aparteko esperientzia

Jone Otañok aitortu digunez, «uda garai aproposa da gaztetxoak ur-kiroletara hurbiltzeko, Bidasoan uda guztia pasatzen dute uretan, eta horrela lotzen ditugu, neguan gogorragoa izaten delako». Aldiz, marea gorarekin, urte osoan zehar Santiagotarrak arraun elkarteko ontziralekua haur eta gaztez bete ohi da, paladak emateko prest. Izan ere, klubak lantzen dituen arraun sekzio guztietan ehunka kirolari biltzen ditu.

Beraz, zerbait badu arraunak harrapatzen duena. Eta Otañoren arabera, gure eskualdean probatzen duenak aukera handiak dauzka Bidasoa ibaiaren mendera erortzeko. «Gure inguru honen beste ikuspegi bat ematen du, 20 minututan bakarrik zaude ibaiaren erdian eta gozagarria da», dio Santiagotarrak elkarteko kideak, «gutxik dakite zer aberastasuna duen Bidasoak, eta gu ibaia deskubritzeko ate hori gara, etortzen diren guztiei hori eskaintzen diegu».

Alde horretatik, Bidasoaldea ardazten badu ere, usu Bidasoa ibaiari bizkarra emanez bizi gara. Horregatik, Otañok ibai-bazterrak begien bistatik galdu gabe, baina eskualdea uretatik gozatzera animatzen du. «Gutxik dakite zer aberastasuna duen Bidasoak, eta gu ibaia deskubritzeko ate hori gara, etortzen diren guztiei hori eskaintzen diegu», argitzen du, horretarako ikastaro eta udalekuez gain, nahi duen orok piragua, kayak edo stand up paddle bat alokatu dezakeela gogoratuz. «Nire udako ikastaro haiek inoiz ez zaizkit ahaztuko, eta esango nuke hemendik pasa diren guztiei ez zaiela ahaztuko Bidasoan bizitutako uda horiek, benetan animatzen zaituztet hona etortzera», dio Otañok.