Inoizko Korrikarik jendetsuena bizi izan genuen martxoan. 24. Korrikan inoiz baino lekuko-hartze gehiago parte hartu zuten, 3.400 baino gehiago, eta gure eskualdean ere irudi ikusgarriak utzi zizkigun, desordutan pasa bazen ere. Bilan gozoa egitearekin batera, AEKk 24. Korrika amaitu berritan iragarritako "Korrikaren 12. Eguna" egingo da asteazken honetan, apirilaren 22an. Euskal Herriko AEKren 100 bat euskaltegitan, tartean Bidasoko AEKren Irungo euskaltegian ere, ordubeteko doako eskola eskainiko dute «oraindik euskarara hurbildu ez direnentzat».
Beñat Alzaga, Irungo AEKko koordinatzaileak azaldu duenez, «jende askok ez daki ongi zer den euskaltegi bat, eta AEK zer den, eskola formala irudikatzen dute agian, baina aurreiritziak eta beldurrak apurtzeko eta AEKk euskara nola irakasten duen erakusteko aukera eman nahi izan dugu». Korrikaren hauspoa baliatu nahi izan dute normalizazio prozesuan hurrengo urratsa egiteko. «Korrika ari zaigu handitzen eta handitzen, eta egia da dimentsio horri jarraipena eman nahi diogula», dio Alzagak, halako ekimen bat antolatzea bizpahiru Korrika daramatzatela pentsatzen aitortuz. «Milaka lagun kalera ateratzen gara euskararen alde, eta Korrikak berak sortzen duen ilusioa eta euskararekiko atxikimendu sentimendu hori aprobetxatu nahi genuen», argitu du.
Hartara, apirilaren 22 honetan, 10:00etatik 11:00etara eta 17:00etatik 18:00etara doako ikastarotxoa emango dute Irungo AEK euskaltegian. Izena emateko zuzenean euskaltegira deitu (688 74 66 33) edo irun@aek.eus posta elektronikora idatzi behar da. Eta bestela ere, www.aek.eus atarian "12. Eguna" atalean online izena emateko aukera dago.
Horrez gain, adi, Korrikaren hamahirugarren egun bat ere izango baita. Maiatzaren 21ean inoiz baino euskara gehiago entzungo dela iragarri dute. Ostegun horretarako, 70 mintzodromo antolatuko dituzte Euskal Herriaren luze-zabalean. Alzagak azaldu duenez, «jende guztiak ez daki euskaraz, eta dakigun guztiok ez dugu aldiro-aldiro egiten, eta erabilerari ere espazioa eskaini behar geniola pentsatu dugu». Espazio eroso eta seguru bat izan dezaten mintzodromoak antolatuko dituzte maiatzaren 21ean. Bi izango baitira, goizez eta arratsaldez. Eta arratsaldekoan hikadromoa ere proposatuko dutela iragarri dute, hika aritu nahi duen orori zuzenduta. Azken urteetan hitano ikastaroak ere antolatzen baititu Irungo AEKk horretan trebetasuna lortu nahi dutenentzat. Aurrerago zehaztuko dute hitzordua.