Txakurzaleek hitzordu interesgarria dute asteburu honetan Ficoban. 44. Nazioarteko Txakur Erakusketa ospatuko dute bertan, larunbatean eta igandean, eta antolatzaileek iragarri dutenez, 192 arrazatako 1.400 txakur inguru bilduko dira bertan. Gainera, 51. eta 52. Erakusketa Nazionalak izango dira, eta erreferentziazko ekitaldi gisa sendotzen ari da azken urteotan.
Aurtengoa bi egunetan ospatuko dute eta maila handiko lehiaketak ikusteko aukera emango dute. Izan ere, txakurren obedientzia, erreskate eta babes lanak egiten erakustaldiak egingo dituzte. Eta iazko edizioan izandako arrakastaren ondoren, Guardia Zibileko txakurren parte hartzea izango da. Lehiaketak 9:30ean hasiko dira bi egunetan, eta 11:30etik 13:30era erakustaldia egingo dute. 16:00etan, aldiz, finalak eta final handiak egingo dituzte. Jokoan izango diren sarien artean, Birdbook ingeles enpresa ospetsuaren eskaparelak, eta Crufts erakusketa mitikoan 1991tik antolatzen den The Kennel Clubeko (Erresuma Batuan) kategoria bakoitzeko kopa, domina, garaikurrak, eta Errege Saria ere izango dira. Izan ere, nazioarteko hitzordua bada ere, Espainiako Txapelketa ere ospatuko dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, parte hartuko duten txakurren erdia Frantziatik etorriko da. Eta epaileen artean ere, Erresuma Batua, Finlandia eta Frantziatik etorritakoak izango dira.
Jardunaldian zehar, bisitariek atseden hartu eta taberna zerbitzua gozatzeko aukera izango dute. Eta maskotentzako osagarri eta produktu eskaintza zabala egongo da ere. Raquel Lleregui, ekimenaren eramaileak dioenez, «txakur bat hartzeko pentsatzen ari den ororentzat aukera paregabea da, adituekin hitz egin eta norbere beharrei egokitutako izaera duen txakur egokiena hautatzeko aholkuak jaso daitezke». Hala ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren araudiaren arabera, lehiaketan parte hartzen ez duten txakurrek ezingo dute Ficobako eremuan sartu. Gainerako bisitariek 5 euroko sarrera ordaindu beharko dute, 10 urtetik beherakoek izan ezik, 3 euroko prezio murriztua dutela.