lurmaitte udalekua

Maider Aizpurua: «Haurrek bizimodu urbanoak inposatzen dizkien itxituretatik askatu eta naturarekin harremana berreskuratzea beharrezkoa dute»

Koldo Nausia 2026ko apirilaren 22a

Pedagogia berdean eta jolas librean oinarrituta, adin ezberdineko haurrekin harreman horizontalak sortzeko udalekuak proposatzen ditu Lurmaittek. Ibarlan duen kanpamentu basetik abiatuta, uztailaren 6tik 31ra lau txanda antolatzen dituzte aurten 3-12 urte arteko haurrentzat. «Norbere erritmoan basoa ikertu, animaliak ezagutu, zuhaitzetara igo edota erreka esploratuz», ederki asko gozatzen dutela dio udalekuen arduradunak, «azken batean, naturako izakiak gara eta abentura bat da beraientzat».

2018an Irungo Udalak Palmera Monteroko haurtxokoan 'Lurmaitte' ekimena abian jarri zuen proba gisa. Baina gurasoek gogotik hartu zuten, eta orduz geroztik, horri segida emateko irabazi-asmorik gabeko Lurmaitte udalekuak antolatzen ditu Maider Aizpuruak urtero. Pedagogia berdea, joko librea, ongizate emozionala eta naturan esperimentazioa oinarri dituzten udalekuak dira. Hiriko haur parke eta eskoletan antolatzen dituzten udalekuen itxituretatik aske, ingurune natural batean.

Ibarlako Meaka auzo elkartean du bere kanpamentu basea, eta Aiako Harria natur parkearen atarian dauden heinean, udako egun beroetan errekan eta basoan fresko murgiltzen badira ere, astean behin txangoak antolatzen dituzte Aitzondoko ur-jauzira, Hondarribiko Asturiaga hondartzara edota Plaiaundiko hezegunera.

Pedagogia berdean oinarrituta, uztailaren 6tik 31ra lau txanda proposatuko dituzte aurten, 3-12 urte arteko haurrentzat. «Adin ezberdinetakoak elkarrekin egoten dira, eta ez ditugu liskarrak izaten haurren artean, ondo moldatzen dira eta elkar laguntzen dutelako», dio Aizpuruak, garai batean herri txikietan edota auzoetan bezala, harreman horizontalak izaten ikasteaz gain, «naturak autoerregulatzen laguntzen dielako». 

Pedagogia berdea: Naturaren erritmoan, nahieran

Irakaslea da Aizpurua, eta Heike Freire ("Educar en Verde" eta "Patios vivos para renaturalizar la escuela" liburuen egilea) pedagogia berdean adituarekin lanean aritu zenean «iraultza» bat sentitu zuela aitortu digu. Metodologia berritzailea izanagatik ere, garai batean egiten zena berreskuratzea ere bada hein batean. «Naturan egoteak onurak ditu pertsonarentzat, neurozientziak frogatua du gure garuneko neurotransmisoreak lasaitzen direla, eta haurrak beti daude lasai eta pozik», dio. Eta garai batean jolas librean naturarekin harreman estuagoa genuela agerikoa bada ere, gaur egungo gizarte urbanoak naturatik urrundu egin gaituela pentsatzen du. Beharbada helduon beldurrek elikatuta, baina «haurrak eskolan, haur parkeetan, udalekuetan... beti hesi baten barruan sartzeko ohitura dugu, baina haurrek espazioa eta denbora behar dute esperimentatzeko», dio.

Haurrei ekartzen dien onurak handiak direla aldarrikatzen du, eta gurasoek ez dutela zertan kezkatu beharrik. Gehienez ere 18 laguneko taldeak osatzen baitituzte, eta hiru edo lau begirale heldu arduratzen dira udalekuetaz. «Arropa aldatzeko ekarri besterik ez dute egin behar, baina zikintzen den haurra gozatu duenaren seinale da», baieztatzen du. «Azken batean, naturako izakiak gara, denak eroso sentitzen dira, eta ez denez ekintza gidatu bat, ederra da jolas librean ohitura ez dutenek aukera hori dutela deskubritzen dutenean, abentura bat da beraientzat», dio Lurmaitte udalekuen arduradunak. 

Bere ustetan, helduen beharrei egokitutako mundu artifizial batean bizi dira gaur egungo haurrak. «Batzuk ez dute denbora librerik haien egunerokoan, eta haur parke baten itxituren kontrolaren barruan jolasten dute, Lurmaitten txoriak, errekaren ur-xirriparen soinua, zuhaitzak, makilak, harriak dituzte jolasteko», azpimarratzen du, aisialdi garaian porlanezko ingurua duen haur belaunaldi batentzat alternatiba ederra dela uste baitu. Are gehiago Irun bezalako hiri batean. 

Kirola egiterako garaian ere gauzak asko aldatu dira. Futbola egiten dutenek ere belar artifizialeko zelaiak zanpatzen baitituzte gaur egun. Baina eskolan ere, oro har, aukera gutxi dute naturarekin harremanetan sartzeko. Irunen Toki Alai (Siutz) eta Txingudi Ikastolak baizik ez dute baso, zuhaizti eta berdegunea inguruetan. Eta bi eskola hauetan baso-eskola jarduerak antolatzeko ahaleginak egiten dituzten bitartean, gainerako hezkuntza zentroetan nekez egin dezakete. Bere kasuan, Maider Aizpuruak aurten Toki Alai ikastetxean hasi da, Alaikiro guraso elkarteak proposatuta, eskolaz kanpoko jarduera gisaLurmaitte eskaintzen ostiraletan. 

Uda honetan proba egitera animatu daitezen proposatzen die gurasoei. Uztailaren 6tik 31ra lau astez antolatuko du aurten, eta ordutegia 9:30etik 13:30era bada ere, familien beharren araberako malgutasuna daukatela argitu du Aizpuruak. Haiekin harremanetan jartzeko lurmaitte@gmail.com posta elektronikora idatzi edota 627 546 864 telefonora deitu daiteke. Bestela ere Instagram kontua du Lurmaittek.